Erakusketa hunkigarria muntatu dute Josu Zabala irundar gaztearen erailketaren 40. urteurrenean. Luzatzen ez badute, hilaren 6a da bisitatzeko azken eguna.
Zabala hil zutenean jaio gabe ziren gazte asko ari dira erakusketara hurbiltzen
Luzatzen ez badute, bihar, hilaren 6a izango da Josu Zabala Oroimenean erakusketa Hondarribiko Itsas Etxean ikusteko azken eguna. Alarde Egunean 40 urte beteko dira Guardia Zibilak Josu Zabala Erasun irundar gaztea Hondarribiko jaietan hil zuela. Urteurren biribilerako Zabala Gogoan lan taldea eratu dute aurten, “belaunaldi berriek gertatutakoa ezagutu dezaten”, eta hilabeteak eman dituzte erakusketarako materiala biltzen.
Tiroz hil zuten Zabala, 1976ko irailaren 8ko arratsaldean, Hondarribiko Portuan amnistiaren alde egin zen manifestazio baten ondoren. 40 urte igaro dira eta, urtero omenaldia egin zaion arren, Zabala Gogoan lan taldeak aurretik ikusi gabeko irudiak eta entzun gabeko testigantzak bildu ditu. Hilaren 1ean inauguratu zuten eta, luzatzen ez badute, bihar arte izango da ikusteko aukera, 12:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Erakusketarako argazkiak, garaian argitaratutako kronikak eta eskelak, Zabalaren omenez idatzitatako olerkiak, koadroak, eta abar bildu dituzte, baita gazte irundarrak soinean zeraman arropa ere, erakusketa irekitzen, balak eragindako zuloak ikus daitezkeelarik. Erakusten direnetako gehienak oiloipurdia eragiten du, bihotza ukitzeraino, baina, era berean, zer pentsatzeko ere ematen du orain arte halakorik erakutsi ez izanak.
Bideoa ere egin du Zabala Gogoan lan taldeak eta Itsas Etxean ikus daiteke. Kosta egiten da bideoa ikusi eta gero aulkitik altxatzea, eta asko dira behin baino gehiagotan ikusten geratzen direnak, malkoei ezin eutsita gehienak.
Gazteak, multzoka
Dozenaka dira egunero Itsas Etxetik pasatzen ari direnak, Zabalaren heriotza gertutik bizi izan zutenak asko, baina baita gazteak ere, duela lau hamarkada jaio gabe zirenak. Hondarribiarrak, erakusketara propio kanpotik etorritakoak, manifestazio hartan izan zirenak, bizitutakoa berriro bizitu nahi dutenak, edo lehen aldiz gertakari horren berri izan dutenak.
Luzatzen ez badute, hilaren 6a izango da Josu Zabala Oroimenean erakusketa hunkigarria ikusteko, entzuteko eta sentitzeko azken eguna. Ireki zutenetik jendetza pasatu da Itsas Etxetik, baina asko dira oraindik egiteko aukera izan ez dutenak. Izan ere, sei egun oso gutxi da berrogei urtez gorderik eduki izan dena estalgabetzeko.