Pombartarrak, auzoari zapatilak janzten
Irungo Alde Zaharra- San Juan elkarteak urtero banatzen duen Txapelaundi Saria Pombar zapata dendako Inma Ariztiarentzako izan da aurten; auzoaren alde lan egiten dutenei aitortza egiten die auzo elkartearen sariak.
1939. urteaz geroztik dago zabalik Irungo alde zaharrean Pombar zapata dendaBazkari bat antolatu zuen auzo elkarteak Inma Ariztiari III. Txapelaundi saria emateko, eta mahaiaren bueltan, «oso hunkituta» jaso zuen bizilagunen aitortza. Bilakaeraren lekuko Bere zapata dendaren mostradoretik auzoaren bilakaera gertutik ikusteko aukera izan du Ariztiak, eta nostalgia puntu batez oroitzen du iragana: «Kale honetan bakarrik geratu naiz», nabarmendu du iraganean Karrika Nagusian zeuden komertzio txiki guztiak gogoan. «Gaur egun ez da dendarik, denak barrak dira», kontatu du. «Bazen mertzeria bat, optika, janari denda, okindegia, arrandegi bat ere bazen…».
Garai batean hiru familia bizi ziren zapata dendak ematen zuenetikHoriek guztiak itxita, aldaketa auzoan erabatekoa izan dela dio: «Gu, lehen, hemen, hiru familia bizi ginen, eta orain familia bat eta doi-doi». Zapata dendan hiru anaiak zeuden garaiak ditu gogoan Ariztiak. Merkataritza gune handien ugaritzearekin lotu du Ariztiak komertzio txikiaren gainbehera: «Lehen jendea etortzen zen denda txikietara erostera, baina orain, superfizie handi horiek badirenez, ba…». Berezitasunei erreparatuz Aitzitik, eta zailtasunekin bada ere, Pombartarrek topatu dute bizirauteko zirrikitua. «Espezialitatea dugu zapatila zabaletan eta zango berezietan, eta horrela eusten diogu». Alpargatak, abarkak… baina etxeko zapatilak saltzen dituzte gehien Pombar zapata dendan, eta beste toki askotan topatzerik ez dauden zenbaki handiak izaten dituzte eskuragarri. Horrek ere bezero asko erakartzen dituela kontatu du Ariztiak: «Badira aunitz tokitan ez dituztenak 47, 48, 49 zenbakiak… horiek ez dituzte inon ere. Iruñeatik eta, etortzen da jendea, badakitelako nik ditudala zenbaki handiak. Emakumeenak 42 zenbakira arte baditut, eta gizonenak 50 zenbakia ere badut», nabarmendu du. Zenbaki handietan, orain gutxi arte, beti koadrodun klasikoak izaten ziren etxeko zapatilak, baina Ariztiak modernoagoak ere saltzen ditu: «Orain badira politak, eta ikusten dituztenean denek esaten didate ez dituztela egundaino horrelako zapatila politak ibili», dio harro. Elxetik (Alacant, Herrialde Katalanak) ekartzen ditu zenbaki handiak, eta gainontzekoak Errioxatik. «Ez dut bat ere kanpokoa. Zenbaki handiak Elxekoak dira, eta gainontzekoak Errioxatik ekartzen ditut, baina bestela kanpotik ez dut bat ere ekartzen. Nik zapatila txinatarrik ez dut sekula ekarri, ezta ekarriko ere», dio konbentzimendu osoz. Etorkizuna kolokan Semearekin egiten du lan Inma Ariztiak zapata dendan, baina ez du argi bere semeak etorkizunean negozioari eusteko aukera izango duen, batez ere, zapata dendaren lokala ez delako beraiena: «Ez dakigu, hau ez delako gurea. Lokala udalarena da, eta udalak saldu nahi du», kontatu du. Besteak beste, horregatik Ariztiak ez du etorkizunean gehiegi pentsatu nahi: «Gaurko egunean lokalak kristoren dirutza balio dute. Nik ez dut pentsatu nahi. Nirea bukatzen badut, gero, ikusiko dugu, semeak nahi baldin badu nik lagunduko diot, baina ez dago jakiterik». Bien bitartean, egunean egunekoari erantzuten jarraituko dute Pombar zapata dendan Ariztiak eta bere seme Oscar Pombarrek, betiko legez, auzoko eta kanpoko bezeroak gertutasunez hartuz, arretaz eta mimoz: «Bezero denei eskerrak eman nahi dizkiet dendara etortzeagatik, hori ere eskertzekoa delako».