Joseba Asiron alkateak jantzi du Jaizkibelen saria, iruindarrek "festetan gertatutako sexu erasoei emandako erantzun sendo, zabal eta tinkoagatik".
Iruñeko ordezkariak, epaimahaiko eta Jaizkibel konpainiako kideekin
Jaizkibel konpainia parekideak deitzen duen Hondarribia, Berdintasun Hiria sariaren bigarren ekitaldia burutu zuten larunbat arratsean Kultur Etxean. Alardeari begira egingo dituen hiru entseguetako lehenengoa egin zuen Jaizkibelek larnbatez, eta atsedenaldian egin zuten ekitaldia.
“Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak” aintzat hartzeko sortu zuen Jaizkibelek saria eta epaimahaiak aurten Iruñeko herria saritzea erabaki du, “festetan gertatutako sexu erasoei emandako erantzun sendo, zabal eta tinkoagatik”.
Iruñeko alkateak berak, Joseba Asironek jaso zuen Jaizkibelen zapia; bere ondoan, Nafarroko hiriburuko peñen eta mugimendu feministako ordezkariak izan zituen. Garbiñe Biurrun epaileak, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak, Nieves Alza Hondarribia Saskibaloia klubeko presidente izandakoak eta Maddalen Iriarte kazetariak osatu dute epaimahaia, Xabier Lapitz konpainia parekideko ordezkariarekin batera.
Bigarren aldiz banatu du Jaizkibel konpainiak Hondarribia, Berdintasun Hiria saria. Iaz, Donostiako Kresala, Zumarragako Irrintzi eta Tolosako Udaberri dantza taldeak saritu zituzten, “jaiaren mamia aldatu gabe eta erakundeen laguntzaz, emakumeen parte hartzea lortu duten taldeen izenean”.