Kontrarioengandik urrun lehiatuko dira bihar Kontxako faboritoak
Emakumeen estropadan Hibaika lehen txandan irtengo da eta San Juan bigarrenean; mutilen estropadan, berriz, Hondarribia lehen txandan, san Juanekin batera, eta bigarrenean Urdaibai.
Kontxako Banderak lehen jardunaldia du bihar, eta lehiarako txartela lortu duten traineruen artean tentsioa eta kontzentrazioa da nagusi.
Mutiletan bi faborito nagusi daude, Hondarribia eta Urdaibai, baina denak emateko prest izango dituzte ondoan, Kaiku, Orio, eta nola ez San Juan. Ohorezko txandan lehiatu nahi dute datorren astean arrosek, eta helburu horrekin uretaratuko dira bihar. Hondarribiak, berriz, ahalik eta errenta gehien lortu nahiko du datorren asteari begira.
Nesketan, berriz, San Juan eta Hibaika dituzte aukera gehien, eta Oriokoak ariko dira gertutik, kontrarioek akatsaren bat egitekotan, erne, banderaren lehiari ihes egiten ez uzteko.
Faboritoak aldenduta lehiatuko dira Aukeran talde denek nahiago izaten dute lehen txandan aritzea, eta ahal dela kontrario nagusiak ondoan. Zorteak, baina, kontrako norabidean jo du aurtengoan. Zozketak erabaki du bi taldeetako faboritoek txanda ezberdinetan lehiatu behar izatea bihar, bai nesken estropadan, baita mutilenean ere.
Nesken estropada 11:30ean hasiko da. Hibaika lehen txandan irtengo da, Cabo, Arraun Lagunak eta Zarautz-Getariarekin batera. San Juan, berriz, bigarrengoan, Hernani, Deustu eta Oriorekin batera.
Ordu erdi beranduago hasiko da mutilen estropada, 12:00etan. Lehen txandan, San Juan eta Hondarribia ariko dira, Orio eta Kaikurekin, eta bigarren txandan aldiz, Urdaibai, Tiran, Zierbana eta Donostiarra ariko dira.
Haize aldaketarik ez Txanda batetik bestera baldintza meteorologikoak aldatzea izaten da maiz estropadetan erabakigarria. Biharko iragarpenengatik, baina, ez du ematen halakorik gerta daitekeenik. Metro eta erdiko olatuak iragarri dituzte, ipar-mendebaldetik joko dutenak. Haizeak, berriz, 11:00etatik 13:00etara 4-5eko indarra izango duela iragarri dute, eta iparretik sartuko da. Ez du ematen, beraz, txanda batetik bestera haize aldaketarik izango denik.