Baaj Arquitectos bulegoak irabazi du jaietako erakusleiho lehiaketa bigarrenez. Tartufa bigarren geratu da eta Maria Guruceta hirugarren.
Bitik bi. Hondarribiko Udaleko Turismo eta Merkataritza Departamentuak antolaturiko
Jaietako Erakusleiho Lehiaketaren bigarren ekitaldia ere Baaj Arquitectos bulegoak irabazi du —Zuloaga kalean dago, 16. zenbakian—. Iaz Guadalupeko Amaren irudian oinarrituta prestatu zuten eskaparatea eta aurten kantinera baten aurpegiarekin estali dute egoitzako leihoa.
Epaimahaiaren arabera, lehiaketara aurkeztu diren hamasei komertzioetatik Baajena da hoberen apainduta dagoena. Ondotik, Tartufa Opariak saltoki berria —Zuloagan ere— eta Maria Guruceta Higiezinen Zerbitzuak —Matxin Artzun— sailkatu dira. Hurrenez hurren, 450, 300 eta 200 euro jasoko du bakoitzak.
Hilaren 11ra arte ikus daitezke erakusleihoak. Hirurak ikusi nahi dituenak ez du denbora handirik behar, hirurak Portuan baitaude, elkarretik oso gertu.
Kantinera baten irudia hautatu du Baaj Arquitectos bulegoak erakusleihorako