Larunbatean egingo dute bigarren ekitaldiko sari banaketa. Iruñeko herria saritu du epaimahaiak aurten, eraso sexisten aurkako jarreragatik.
Iruindarren ordezkari gorenak, Joseba Asiron alkateak, jasoko du Jaizkibel konpainia parekideak deituriko Hondarribia, Berdintasun Hiria saria. Saria jasotzeko orduan Asironek ondoan izango ditu Iruñeko peñetako eta mugimendu feministako ordezkariak. Deitzaileek jakinarazi dutenez, Uxue Barkos Nafarroako Lehendakaria ere hurbilduko da ekitaldira.
Bigarrenez deitu dute aurten eta epaimahaiak Iruñeko herria saritzea erabaki du, “festetan gertatutako sexu erasoei emandako erantzun sendo, zabal eta tinkoagatik”.
Larunbatean, irailaren 3an, banatuko dute sari sinbolikoa, konpainia parekidearen zapia. Aurreko urtean bezala, Kultur Etxean egingo dute ekitaldia, 20:30ean hasita.
Iaz hasi ziren antolatzen Hondarribia, Berdintasun Hiria saria, eta “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak saritzea” du helburu.
Udal baimenik eza salatu dute
Entseatzeko udalaren baimenik jaso ez izana salatu du Jaizkibel konpainiak aste honetan. BERRIAk argitaratutako erreportajean Izaskun Larruskain kapitainak adierazi dutenez, konpainiako ordezkariek baimena eskatu zuten, baina erantzunik ez dute jaso. Hori horrela, Segurtasun Sailera jo behar izan dute, eta hala lortu dute entseatzeko aukera. Irailaren 3an, 4an eta 5ean entseatuko du Jaizkibelek, 20:00etan Bitoriano Juaristi kaletik abiatuta.
Nolanahi ere, udal ordezkariekin elkarrizketak izan dituztela onartu du Larruskainek: «Hitz egitea ja pauso bat da, eta hitz egin dugu».
Iaz banatu zuten lehen aldiz ‘Hondarribia, Berdintasunaren Hiria’ saria