Ekitaldi berri samarra izanik, udalak izena emateko epea luzatu behar izan du, parte hartzea errazteko.
Hondarribiko Udaleko Turismo eta Merkataritza Departamentuak deituta, Jai Nagusietako Erakusleiho Lehiaketa egingo dute Hondarribian bigarren aldiz. Hasiera batean abuztuaren 19ra arte zegoen parte hartzeko aukera, baina hamar bat egunez luzatu du udalak eta, hala, parte hartzea handiagoa izango da. “Komertzio dezente ez dira konturatu epea bukatua zenik ezta lehiaketa zegoenik —azaldu du Maria Serrano arloko zinegotziak—, bigarren edizioa delako. Epea luzatzeko aukera eman diegu, asteartera arte”.
Hiru erakusleiho onenak sarituko dituzte, 450, 300 eta 200 eurorekin. “Merkataritza herriko bizitzaren partaide egin nahi dugu, eta ondoen apaindua den establezimenduari saria emango zaio. Lehiaketa honen bidez, herriko jaiak apaintzeko beste urrats bat eman nahi da”, erantsi du Serranok.
Parte hartzen duten saltokiek abuztuaren 31rako apaindu behar dituzte erakusleihoak, eta irailaren 11ra arte apainketa mantendu beharko dute.
Iaz Zuloaga kaleko Baaj arkitektura bulegoak irabazi zuen jaietako erakusleiho lehiaketa. Jaietan bezala, Gabonetan, Inauterietan eta Blues Jaialdian antolatzen ditu udalak gisa bereko lehiaketak, “bertoko merkataritza indartzeko asmotan”.
Iaz Baaj arkitektura bulegoak irabazi zuen lehiaketa