Josu Zabala Hondarribiko Jaietan erail zuteneko 40. urteurrenean, Zabala Gogoan lan taldeak kontaketa grafikoa egingo du Itsas Etxean irailaren 1etik 6ra.
Aurten lehen aldiz, urteurrenaren bezperan egingo dute ekitaldia
Guardia Zibilak Josu Zabala irundar gaztea Hondarribiko Jaietan hil zuela 40 urte beteko dira aurten eta
Zabala Gogoan lan taldea bi ekitaldi antolatzen ari da urteurren biribilerako. Batetik, gertakariaren gaineko erakusketa prestatzen ari dira Itsas Etxea Auditoriumean eta iraileko lehen astean irekiko dute. Hileko lehen egunean inauguratuko dute, 12:00etan, eta sei egunez bisitatzeko aukera izango da, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Bestetik, urteroko omenaldia egingo zaio gazteari, baina Alardearen bezperan. Irundarra erail zutenetik, irailaren 8ro egin da haren omeneko ekitaldia. Baina aurten bezperan egingo dute, jaien egun handiarekin bat ez egiteko eta ekitaldiak behar duen lekua eduki dezan. Aurten, gainera, parte hartze handia espero da, Zabala Gogoan taldeak atxikimendu asko biltzen ari baita.
Zabala hil zuten txokoan, San Pedro kaleko Txantxangorri tabernaren kanpoaldean izango da aurten ere omenaldia, baina hilaren 7an, arratsaldeko bostetan.