Herriko kultur eskaintza osatu eta presoez ahazten ez direla erakusteko, Olagarro Kultur Elkarteak Hondarribiko XI. Sagardo Eguna antolatuko du biharko Alde Zaharreko Gipuzkoa plazan.
Iaz bigarrenez Gipuzkoa plazan egin zuten eta antolatzaileen balorazioa oso ona izan zen
Udara garaian herriko kultur eskaintza osatzeko eta presoei sostengua adierazteko, Olagarro Kultur Elkarteak sagardozalez beteko du bihar arratsaldean Hondarribiko Gipuzkoa plaza. Zortzi sagardo desberdin, horietatik zazpi kupeletik dastatzeko; milatik gora pintxo, jatea ere inportantea delako; eta aldarrikapen nagusi bat, presoak gerturatzea eskatzeko. Hori da biharko plana Hirigune Historikoko txoko ederrenetako batean: Hondarribiko Sagardo Eguna, gozatzeko eta aldarrikatzeko.
Egiten hasi zirenetik 11. ekitaldia izango da. 11 urte eta hiru egoitza guztira. Zumardian hasi ziren egiten, ondoren Portura mugitu zuten, Santiago kalera, eta 2014an Gipuzkoa plazan egiten hasi ziren, Alde Zaharrean. Bertan egiten denetik handitu baino ez da egin eta, hori horrela, antolatzaileek ez dute zalantzarik: “Askoz hobeto behean baino, askoz ere leku gehiago dago, eta lanerako ere gozoagoa da”, adierazi du Maddi Errastik.
Gainera, kanpotik etortzen denarentzat xarma handia du plazak, eta iristeko erraza da: “Leku polita da, eta aparkalekuak gertu ditu”, gaineratu du Iñaki Pascualek. Udan autoa aparkatzeko arazoak izaten dira Hondarribian, baina harresiaren inguruko aparkalekuetan —zezen plaza, Eroski eta Zumardia— errazagoa da lekuren bat aurkitzea, Portuan baino errazagoa bai behintzat. Nolanahi ere, autobusa da kanpotik hurbiltzen direnentzat mugitzeko modurik gomendagarriena.
Gipuzkoa plazan egin diren hiru ekitaldietatik handiena iazkoa izan zen, nabarmen, antolatzaileen aurreikuspenak gainditzeraino. “600 baso eta mila pintxo banatu genituen”, eta sagardoa nahi baino lehenago agortu zitzaien. Horregatik, aurten sagardo gehiago eskatu dute, eta ordutegia luzatu egingo dute. Arratsaldeko seietan hasiko da ekitaldia, eta hiru orduz luzatuko da.
Zortzi sagardo desberdin dastatzeko aukera izango da bihar Hondarribian: Beko-Errota, Ola, Larregain, Zabala, Oialumezar, Gartziategi, Petritegi eta Lizeaga. Beko-Errota bertako sagardoa izan ezik, gainontzeko zazpiak txotx erara zerbitzatuko dituzte. Aurreko edizioa baino lehen botilak ere bazituzten, baina iaz sagardoa txotx modura bakarrik zerbitzatzea erabaki zuten—etxekoaren salbuespenarekin—, eta ondo joan zitzaien.
Lekuak ere laguntzen du, plaza inguratzen duen arkitekturak, harrizko lurrak, eta festa iraun bitartean aritzen diren trikitilarien doinuek estalperik gabeko sagardotegi batean dagoela sinistarazten baitiote Gipuzkoa plazara hurbiltzen den sagardo zaleari.
Zortzi sagardoren artean aukeratzeko, musika dantzatzeko, eta pintxoak, festa ez dadin nahi baino lehenago bukatu. “Prezioak igotzea aztertu genuen —onartu du Errastik—, baina azkenean iazkoak mantentzea erabaki genuen, 5 euroan edalontzia —nahi adina edateko eta pintxo bat barne—, eta euro batean bigarren pintxotik aurrera”. Iaz mila pintxo banatu bazituzten, aurten milatik gora prestatu nahi dituzte, eta horretarako laguntza eskatu du Olagarrok. Lagundu nahi duenak tortillak egin eta arratsaldeko bostetatik aurrera Gipuzkoa plazara eraman behar ditu.
Herriko Beko-errota botilan zerbitzatuko dute, besteak txotx eran
Sostengua presoei
Duela hamaika urte hasi zen Hondarribiko Olagarro elkartea Sagardo Eguna antolatzen, urtean zehar presoen alde burutzen dituen ekintza sortaren barruan. Pascualek onartu duenez, udaran ez da erraza presoen alde herritarrak mugiaraztea. “Udan zailagoa da, baina egiten dira iniziatiba batzuk, hondartzetakoak, irteera operaziokoa… baina egia da jendeari neguan gutxiago kostatzen zaiola txipa mantentzea, udan burua dispertsatzen zaigu, eta inportantea da gogoraraztea presoak hor daudela”.
Hori da, hain zuzen ere, Hondarribiko Sagardo Egunaren helburu nagusia, “herria gozatu euskal kutsuko ekitaldi txukun batekin, baina, batez ere, herrian ditugun presoei, eta gainontzekoei, sostengua eman. Euren egoerak ez du hobetzeko itxurarik eta haietaz arduratzen garen bakarrak, senideez aparte, gu gara, herrietako sostengu taldeak”», erantzi du Olagarro elkarteko kideak.
Hiru dira Hondarribiko euskal presoak, hirurak Euskal Herritik urruti daude gatibu. Pascualek adierazi duenez, “dudarik gabe”, distantzia da Hondarribiko Sagardo Eguna baliatuz Olagarrok salatu nahi duena, «senideek eta lagunek haiek bisitatzeko egin behar duten distantzia».
Aukera balego basokada bakoitzeko kilometro bat hurbiltzeko, Hondarribiko presoak eta haien familiak hurbiltzeko balioko luke biharko Sagardo Egunak. Erabaki hori bihar Gipuzkoa plazara arrimatuko direnen esku ez dagoenez, dispertsioa salatzeko balioko du biharko ekitaldiak. Baita udarako kultur eskaintza osatzeko ere.