Abuztuaren 15ean Europako reggae jaialdi handienean joko dute, baina aurretik xanistebanetara hurbilduko da Luz de Putas talde hondarribiarra.
Mikel Tife, Luz de Putas taldeko abeslaria
Abuztuaren 15ean
Benicassimeko Rototom Sunsplash Europako reggae jaialdi handienean joko dute, baina aurretik Oiartzungo Jaietako lehen gaualdira hurbilduko da Luz de Putas ska/rock talde hondarribiarra. Abuztuaren 2an (asteartea) joko dute Done Eztebe plazan, Etiam taldearen ondoren.
Ez da lehen aldia Oiartzunen joko duzuela.
Taldearekin hasi ginenean jo genuen lehen aldiz Oiartzungo gaztetxean eta gerora bueltatu ginen. Oso gustura izan gara beti Oiartzunen eta jende asko etorri da gure kontzertuetara. Beste bizpahiru urtean deitu digute jaietan jotzeko, baina datak ez ditugu libre izan, eta ezin izan dugu jo. Berriro deitu digute eta, aurten bai, libre dugu. Eta gogo pilo batekin joango gara xanistebanetara.
Ezagutzen ez duen jendearentzat, nolako taldea da Luz de Putas?
Jai giroko talde bat garela esaten dugu guk. Egia da ska musika gehiago egiten dugula, baina ez gara ska talde bat, reggae, soul, rock, cumbia… beste genero batzuk uztartzen ditugu. Beste musikak ikasi nahian ibili gara, eta gure estilo propioa sortu dugu.
Zuzeneko taldea zarete estudiokoa baino gehiago, ez?
Diskoak gogo handiarekin prestatzen ditugu, baina estudioan urduritasunak azaltzen dira. Kontzertuetan askeago sentitzen gara. Egia da bien gauza izan behar dela, gurea eta publikoarena, baina dena aurrera doan heinean gora etortzen gara eta askoz gehiago gozatzen dugu zuzenean.
Zer esango zenioke zuen kontzertura joan ala ez zalantzan dagoenari?
Euskal Herrian momentuz dugun azken kontzertua dela Oiartzungoa, Rototomera joan baino lehenago dugun bakarra. Xanistebanetako lehen egunean joko dugu eta jendea kristoren gogoekin egongo da, giroa ezin hobea izango da eta oso ondo pasako dugu, seguru.