Oztoporik Gabeko Bainua programak hamar urte ditu. Hondarribiko hondartzan eskaintzen dute zerbitzua, aniztasun funtzionala edo mugikortasun mugatua dutenek ere hondartzaz gozatzeko.
Gizon bat oztoporik gabeko bainua hartzen, begirale baten laguntzarekin
Lainotua esnatu da eguna, bustia. Ez dirudi buelta emango dionik. Gaur ez da hondartza eguna izango. Baina uste guztien kontra, pixkanaka eguzkiak lainoak zulatzea lortu du, eta urdina nagusitu da zeruan. Zortea eduki dute hondartzazaleek, eta horietako bat da Juanjo Berasategi errenteriarra. Duela urte batzuk oso urrun zeukan hondartza; ez, ordea, etxetik urrun zeukalako, baizik eta kilometro batzuetara eduki arren, hara joatea trabaz betetako bidea zelako.
Berasategik garun paralisia du, eta mugikortasun mugatua. Laguntza berezirik gabe hondartza barandatik ikusi behar izaten zuen. Duela urte batzuetatik hona, ordea, gauzak aldatzen ari dira bere egoeran dagoen jendearentzat, eta pixkanaka hondartzako ateak denentzat irekitzen ari dira. Horren adibide da Oztoporik Gabeko Bainua programa.
Duela hamar urte martxan jarri zuten, eta orduz geroztik, hutsik egin gabe izaten da, udaro, Hondarribiko hondartzan. Irati Fernandez koordinatzaileak azaldu duenez, programa integrala da, eta hiru adar ditu: furgoneta zerbitzua, hondartzan egoteko toki egokitu bat, eta bainua hartzeko aukera.
Donostialdea, Oarsoaldea eta Bidasoaldean egiten ditu geldialdiak furgonetak. «Aldez aurretik zita eskatu, eta ibilbide bat programatzen da hondartzara eramateko. Bertan, egoteko leku bat daukagu, itzaletan eta eguzkitan; aldagelak emakume nahiz gizonentzat; komun bat guztiz egokitua; ohetxo bat, aldaketak egiteko; armairu batzuk; garabi bat hainbat transferentzia egiteko, eta ur geza, itsasotik bueltan kresala kentzeko», azaldu du Fernandezek.
Azkenik, bainua hartzeko anfibioak edo hondartzarako prestatutako aulkiak dituzte. Erabiltzaileak begiraleen laguntzaz joaten dira bainua hartzera, eta han, hainbat ariketa egiten dituzte, bakoitzaren mugikortasunaren arabera. Begiraleak pertsona kualifikatuak direla zehaztu du Fernandezek.
Duela bi aste, hilaren 14an, hasi ziren zerbitzu hori ematen, eta aurten, irailaren 4ra arte luzatuko da, zortzi astez. Fernandezen arabera, izan dira zerbitzua bi hilabete baino gehiagora luzatu ahal izan duten urteak, baina azken urteetan, baliabide ekonomikoak medio, murriztu egin behar izan dute. Zortzi aste horietan egunero izango da martxan, astelehenetik igandera, eta 11:00etatik 18:00etara. Sei begirale, txoferra eta koordinatzailea aritzen dira lanean.
Lehen astean 130 laguni eman diete zerbitzua, koordinatzaileak azaldu duenez. Urteen arabera, eta noski, eguraldiaren arabera, 1.000tik gora lagun pasatzen dira programatik. «Iaz, 1.142 lagun pasatu ziren zazpi astetan, eta duela bi urte, 1.200 zortzi astetan».
Bainua
Eguzkiak gogotik jotzen du dagoeneko, eta Berasategi bainua hartzen ari da Maialen Arrastia begiralearen laguntzarekin. Txurroak baliatuta, pauso batzuk ematen ari da uretan. Hankak mugitu ondoren, uraren gainean etzan du Arrastiak, eta oinetan hainbat mugimendu egin dizkio, besteak beste.
Uretatik ateratzeko ordua iritsi zaio; anfibioa zain dauka urertzean. Bi begiraleren laguntzarekin ateratzen dute, eta anfibioan eseri. Oztoporik Gabeko Bainuaren gunera eramaten dute, eta han dutxatzeko tartea hasten da.
«Ura asko gustatzen zait, eta gutxienez 20 minutu eta gehienez ordu erdi egoten naiz, etortzen den jendearen arabera», esan du Berasategik. Egun osoa pasatzen du hondartzan: «Iratik [Fernandez] deitzen dit ordubete lehenago, prestatzeko, eta gero, jaso. Eguerdian etortzen naiz, eta bukaerara arte, 18:00ak arte, geratzen naiz». Aurretik ez zela hondartzara joaten aitortu du, «duela zortzi urte ezagutu nuen zerbitzua, eta orduz geroztik beti etortzen naiz, engantxatu egin naiz», dio umorez.
«Hondartzara joatea bizitza da beraientzat» adierazi du Arrastiak. Hirugarren urtea da beretzat Oztoporik Gabeko Bainuan begirale gisa, eta denbora horretan, hainbat erabiltzailerekin egin du harremana: «Azkenean etxean pasatzen dute eguna askok, gutxi ateratzen dira… eta hemen sortzen da familia giro bat, askok lagunak egiten dituzte, eta bizipoza da beraientzat».
Hondartzara joatearekin batera, uretan bainatu ahal izatea beste pauso bat da. «Etorri da jendea esaten zigula agian hamar urte zirela ez zela bainatu, eta harrituta geratzen dira, negarrez. Nahiko hunkigarria izaten da batzuetan». Gogoan du esklerosi anizkoitza zuen emakume bat. «Bost urte zeramatzan hondartzara etorri gabe, eta uretara sartu zenean, negarrez hasi zen, hunkituta. Hori guretzat ordainezina da», azaldu du.
Oztoporik Gabeko Bainua bezalako programen bidez, hondartza publiko bihurtzen dela iritzi dio Arrastiak. «Arrapalak jartzen dituzte eta listo, baina horrela ez da publiko bihurtzen. Guk toalla bat behar dugu, eta beraiek aldatzeko pertsona bat, anfibio bat uretara sartzeko… Laguntza behar dute».
Eskubide bat betearaztearekin batera, maila fisiko eta psikologikoan ere hobekuntzak nabaritzen dituztela azaldu du begiraleak. «Egunero etortzen den jendeak nabaritzen du aldea».
Hondartzara joan ezin zutenek traben lainoak gainditu dituzten bezala, uda honetan eguzkiak gauza bera egitea falta da orain, bizipoza txoko guztietara hedatzeko.
“Bizi kalitatea hobetzen zaie zerbitzua erabiltzen duten pertsonei”
Duela hamar urte hasi zineten zerbitzua ematen. Nola eraman zenuten aurrera?
Bizkaiko hondartza batetik hartu zen ideia. Erabaki zen Gipuzkoara ekarri behar zela. Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren eskutik atera zen aurrera. Baliabide ekonomikoak jarri zituen Kutxak, eta federazioak baliabide teknikoak eta materiala. Hondarribian erabaki zen egitea bertako udalak erraztasun asko ematen zituelako, eta hondartza oso aproposa zelako: ez dago olaturik, oso laua da, urertzean ez da jende asko egoten…
Zerbitzu horrek zein garrantzia dauka erabiltzaileentzat? Bainua hartzea ezohikoa izango da askorentzat, nola erreakzionatzen dute?
Askok ez dute baliabiderik urtean zehar ezer egiteko, eta orduan, zerbitzua eurentzako aberasgarria eta mesedegarria da. Badaude batzuk ohikoak direnak, eta ikusten badituzu nola sartzen diren programaren hasieran eta nola bukatzen duten, aldea izugarria da. Askoz ere erlaxatuago daude, hobeto landuta… Bizi kalitatea hobetzen zaie. Haiek hobeto sentitzen direnez, gauza gehiago egiteko gaitasuna ikusten dute, psikologikoki ere aberasgarria da, sozializatzeko aukera ere daukate… Oro har, etxetik ateratzea, egun edo arratsalde pasa joatea, eguzkitan, jende ezberdinarekin, ondo pasatzea… Azkenean bainua hartzea baino gehiago da.
Zein perfil izaten dute zerbitzu horren erabiltzaileek?
Adin mugarik ez dugu. Aiton-amona asko etortzen dira egoitzetatik urteetan ez dutenak ura ukitu. Aniztasun funtzionala dutenen artean garun paralisia dutenak asko dira, intelektualak ere, baina batik bat fisikoak edo garun paralisiak dituztenak.
Aurretik mugikortasun mugatua zuten erabiltzaileek bainatzeko aukerarik bazeukaten?
Gurutze Gorriak badu zerbitzu hori hondartza askotan, baina gure zerbitzua ezberdina da. Beraiek bainua hartzeko aukera hori eskaintzen dute, baina gurea egoteko toki bat da, han eguna pasatzeko, helburu batekin:?pertsona konbentzionalaren aukera berdinekin ezgaitasunen bat duten pertsonei hondartza gerturatzea. Askorentzat ez da erraza izaten hondartzara jaistea; zentzu horretan, gu ahalegintzen gara hori errazten.
Hamar urte bete ditu zerbitzuak. Nola joan da eboluzioa parte hartzeari dagokionez, zerbitzuaren kalitateari dagokionez…
Urtetik urtera kalitatea hobetzen joan gara. Egia da, gure arazo nagusia baliabide ekonomikoak direla. Horren arabera mugitzen dugu zerbitzua edo programa. Baliabide gehiago lortzen baditugu, denboran luzatzen dugu, eta, bestela, ahal duguna egiten dugu. Guretzat garrantzitsuena da kalitatea bermatzea, eta, diru kopuru gehiago badator, horren arabera, erabakitzen dugu zenbat luzatu. Urteetan bi hilabeteko programa egiten genuen, baina gero, krisiaren ondorioz, atzeraka egin genuen. Borroka horretan aritu gara, baina kalitatea bermatzen saiatu gara. Denbora joan ahala, bezeroen kopurua handitzen joan da. Azken bost urteetan asko handitu da, programa egonkorragoa da, eta horrek eragiten du gehiago ezagutzea, eta hedatzea. Jendeak geroz eta gehiago du zerbitzuaren berri, eta erabiltzaile gehiago jasotzen dira.
Etorkizunera begira, zeintzuk izango dira erronkak?
Batik bat denboran luzatzea. Gustatuko litzaiguke bi hilabetera luzatzea, baina, egia da, eguraldiak asko eragiten digula. Zerbitzua ona dela iruditzen zaigu, baina, agian, egitura baliabideak hobetu daitezke eta beste zerbitzu mota batzuk sartu, eta, bestetik, furgoneta zerbitzua zabaldu, Gipuzkoa osora.