Urko Labeaga Murtzian dago preso, Tomas Elgorriaga Freury-Merogisen eta Emilio Castillo, Burgosen .Castillok 75 urte ditu eta minbizia gainditu berri du
Tomas Elgorriaga Kunze, Urko Labeaga Garcia eta Emilio Castillo dira Hondarribiko egungo euskal presoak. Haiei, batez ere, eta gainontzeko presoei sostengua emateko antolatu du Olagarro elkarteak biharko Sagardo Eguna.
Tomas Elgorriaga, Freury-Merogisen
Hiru presoetatik Tomas Elgorriaga Kunze da Hondarribian jaiotako bakarra. Frantzian, Feury-Merogiseko espetxean dago preso Alemaniatik estraditatu zutenetik. 2014ko urri bukaeran atxilotu zuten Friburgon; bertan bizitza normala egiten zuen, identitate faltsuarekin bada ere. Frantzian lau aldiz auzi-ihesean epaitu eta zigortu izan zutenez, Elgorriagaren estradizioa eskatu zuten Paristik, eta Alemaniako epaileak iazko azaroan onartu zuen eskaera.
Martxoa erdialdean epaitu zuten Parisen eta epaileak bost urteko zigorra ezarri zion, baina horietatik hiru ez lituzke kartzelan kunplitu beharko, baldintzapean baizik. Fiskaltzak errekurritu ezean, urtea bukatu aurretik libre geratuko litzateke hondarribiarra. Hasiera batean,
errekurritzeko epea iraungitu zela zabaldu zen arren, gerora jakin izan zen fiskaltzak errekursoa aurkeztu zuela. Ondorioz, neguan berriro epaituko dute Tomas Elgorriaga.
Urko Labeaga, Murtzian
Urko Labeaga sopelarra da jaiotzez, baina emaztea hondarribiarra du. 1998an atxilotu zuten eta zigorraren hiru laurdenak beteak ditu. Etxean zain du zortzi urteko alaba, aitarekin egon nahi duen aldiro Murtziaraino bidaiatu behar izaten duena. Aurretik, Espainiako Estatuko beste hiru presondegitan egon da preso sopelarra, gertuena Asturiasen. “Odol deliturik gabe, legea eskutan, kalean beharko luke”, kexu da Iñaki Pascual Olagarro elkarteko kidea.
Emilio Castillo, Burgosen
Eta Emilio Castillo irundarra da berez, baina Hondarribian bizi da duela urte asko.
Otsailaren 3an espetxeratu zuten Martutenen, Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz, baina maiatza bukaeran Burgosera mugitu zuten. Faisan auziari lotuta, 2006an atxilotu zuten Castillo, Jean Pierre Harokarene Txanpi herrikidearekin batera, baina ondoren aske geratu ziren. Otsailean berriro atxilotu zituzten, zigorra betetzeko; hamahiru hilabeterako Harokarene eta 11 hilabeterako Castillo.
Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiak harridura eta haserrea eragin zituen Bidasoan eta arlo askotariko dozenaka eragile eta pertsonak bi herrikideak libre uzteko eskaera sinatu zuten. Sinatzaileen artean, Irungo EAJ, SPI Si Se Puede Irun eta EH Bildu udal taldeak, Nicolas Gerendiain Elkarte Errepublikanoa, ELA eta LAB sindikatuak, Juantxo Villarreal, Xabier Mikel Errekondo edo Fermin Muguruza zeuden, besteak beste.
Adostutako testuan, Castillok 75 urte eta gaixotasun larria duela nabarmentzen zuten. Izan ere, minbizia gainditu berri du Castillok, eta ibiltzeko zailtasunak ditu.
Gizarteko eragile asko eskatu zuten Castillo eta Harokareneren askatasuna