Frantziako Tourraren ondorengo World Tourreko proba izango da Donostiako Klasikoa. 220 kilometrotik 99 Oarsoaldetik eta Bidasotik pasatuko dira.
Jaizkibel mendiak lotuko ditu bi eskualdeak.
Donostiako Klasikoa du izena, baina izan zitekeen Gipuzkoa Ekialdeko Itzulia. Izendapen horrek, baina, txirrindularitza probaren sorrerarako asmoa zapuztuko luke: hiriburuaren turismo promozioa.
Hala ere, prestigio handia hartu duen txirrindularitza proba da, nahiz eta azken bi ekitaldietako arazoek ez dioten lagundu. 1989an Munduko Kopa sortu zenean, bertan sartu zuten, eta berdin UCI Pro Tour edo UCI World Tourrean.
Bihar izango da aurtengo zita, eta 220 kilometro pasatxo egin beharko dituzte. Herrialdearen hegoalderaka —Albisturrera arte— jo ondoren, iparraldera buelta egingo dute. Lasterketak 98 kilometro egin dituenean sartuko da Oarsoaldean, Perurenako gainetik. Txirrindularien hanketan dago lasterketaren abiadura, baina klasikoa izanda, azkar joango dela suposatzen da. Probaren antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 14:05 iritsiko dira Perurenako gainera abiadura azkarrenean eginez gero. 14:19an, berriz, motelenean.
Handik Oiartzunera joko dute, eta Gurutze auzoa atzean utzita, Bidasoan sartuko dira, Katea auzotik. Gaintxurizketa igoko dute, eta Lezotik Donibanera abiatuko dira.
Han hasiko dira Jaizkibel mendatea igotzen. Garai batean lasterketaren epaile zen, helmugatik gertuago zegoelako, eta han ematen ziren —normalean— garailearen erasoak. Horregatik klasikoa gehienetan irabazi duen txirrindularia Marino Lejarreta bezalako eskalatzaile puru bat da.
Berrizko Ihiak hiru txapel ditu guztira.
Jaizkibelgo malda gogorrak zaletuz beteko dira, eta hango gainetik pasatuko dira 14:43-15:02 inguruan, lasterketaren bukaerarako 95 kilometro falta direnean. Guadalupetik pasatuta, Bidasoa eskualdeko hiriguneetan zehar ibiliko dira, Oiartzungo Arkaleko —txirrindularitza munduan esaten den bezala— ahuntzen bidea igo beharko dute, Jaizkibelgoa pasatu eta ordu erdi ingurura.
Handik Errenteria-Orereta aldera joko dute, eta bigarren aldiz Jaizkibel hasiko dira igotzen. Kalkuluen arabera, ordubete inguru beharko dute aurreko igoeratik bigarrena egiteko itzulia betetzeko. Handik berriro Hondarribia, Irun eta Oiartzun (16:16-16:46) pasako dute, eta Errenteria-Oreretako saihesbidetik gora, Pasaia aldera joango dira. Han utziko dute atzean Oarsoaldea, eta oraindik 23 kilometro beharko dituzte klasikoa bukatzeko. Kontuan hartu behar da aipatutako tokietatik pasatu baino lehenago errepidea moztuko dutela, eta bigarren itzulia egin bitartean, trafikoari irekita egongo dela.
Aurtengo berritasuna klasikoko azken kilometroetan izango da. Igeldon, Bordako tontorra igo beharrean, Murgileko bidetik joango dira.
Goi mailako parte hartzea
Txirrindulariei dagokienez, Tourraren inertziarekin etortzen dena izan ohi da irabazle, nahiz eta sorpresaren bat edo beste egon daitekeen. Faboritoen zerrenda luzea da: Adam Yates iazko irabazlea, haren anaia Simon, Van Avermaet, Valverde —Lejarreta berdindu dezake—, Dan Martin, Contador, Gilbert, Izagirretarrak, Kreuziger, Kruijswijk, Joaquim Rodriguez, Skyko armada edo Mollema, besteak beste.
Frantziako Tourreko ikuskizuna baino zerbait hobea emango dutela ez dago zalantzarik, txirrindularitzaren hobebeharrez.