Eskifaia eta Xatz abesbatzek hurrengo astean Iruñean errepikatuko dute ostiralean Hondarribian emango duten kontzertua.
Xatz Abesbatza, Erreginaren Baluartean
Erreginaren baluartea gaueko eszenatoki bilakatuko da ostiralean, Eskifaia Elkarteak prestatu duen Udako Kontzerturako. 22:00etatik aurrera Eskifaia Abesbatza mistoak, lehenik, eta emakumeen Xatz Eskifaiak, gero, euskal folkloreari zati handia utziko dion programa anitza interpretatuko dute. 22:00etan hasiko da, baina leku ona hartu nahi duenak zertxobait lehenago joan beharko du.
Gorka Aierberen zuzendaritzapean, Eskifaia Abesbatzak
a capela abestuko du. Urtean zehar eskaintzen dituen emanaldiekin alderatuta, arinagoa da udakoa eta, besteren artean, kantu espiritualak, tangoak, Hego Amerikako doinuak eta euskal folklorekoak aukeratu dituzte, azken hauen artean, Javier Bustok moldatutako
Nerea izango zen eta
Axuri beltza, eta Josu Elberdinen
Segalariak. Silvio Rodriguez kubatarraren
Hay quien precisa ere abestuko du Eskifaiak, Lupe Villar bakarlari gisa ariko delarik.
Ahots zurien Xatz Eskifaiak, bere aldetik, Esther Barandiaranen laguntza izango du pianoan. Amaia Aldalurrek zuzenduko du taldea eta, zeregin horretan udazkenetik ari denez, lehen aldiz ariko da zuzendari Udako Kontzertuan. Xatzek, Matti Hyokki, Jesus Guridi, Eva Ugalderen doinuak abestuko ditu besteak beste, eta Juan Carlos Perezen
Lau teilatu abestiaren moldaketarekin amaituko dute programa.
Berrikuntza, Iruñean ere
Klasikoa bilakatu da dagoeneko Eskifaia elkartearen Udako kontzertua, baina aurten berrikuntza batekin dator. Lehen aldiz bitan egingo dute, ostiralean Hondarribian eta hurrengo asteko igandean Iruñean. Izan ere, Hondarribia, Iruñea eta Baiona artean aurrera daramaten Creacity egitasmoaren barruan, Nafarroako hiriburuko Guadalupe baluartean abestuko dute Hondarribiko bi koruek abuztuaren 7an, bertan egingo den Harresien Jaialdiaren barruan.
Hondarribiko Udalak azaldu duenez, hiru hirietako ondare gotortua balioan jarri nahi du Creacity programak: “Creacity proiektua mugaz-gaindiko lana da, eta helburua Iruñeko, Hondarribiko eta Baionako gotortutako ondarea alor turistikoan eta kulturalean balioan jartzea da, hartarako berrikuntzan oinarritutako turismo kulturala eta sormen artistikoa lantzen duten ekimenak erabiliz”.