"Txileko Estatua geroz eta errepresio handiagoa egiten ari da"
Iban Gartzia irundar internazionalistak argi du Txileko Gobernuaren "estrategia inperialista" izan dela bera kanporatzea.
Horrela bat-batean handiak ateratzea eta nire herrira bueltatzea, bortizki, mingarria izan da.Zein izan ziren atxilotzeko eman zizkizuten arrazoiak? Kalez jantzitako lau polizia etorri ziren PDIkoak, informazio bat eman behar zidatela esanez, eta beraiekin joateko. Identifikatu gabe etorri ziren, eta ni harrituta. Hango jendeari abisatu nion zer gertatzen ari zen. Kargu gorenena etorri zitzaidan, eta jakinarazi zidan bazegoela informazio bat Espainiako Estatuak bidalitakoa, eta Txileko Gobernuak, erabaki politiko batengatik, azken finean, erabaki zuela ni kanporatzea. Gero, behin Espainiako poliziarengana entregatu zidatenean konturatu nintzen Txileko poliziak Espainiakoari esaten ziola salaketa publikoak egin nituela estatuaren kontra, eta murgilduta nengoela maputxeen borrokan. Eta turista batek edo kanpotar batek ezin duela kontu politikoetan sartu euren herrian. Azken finean, erabaki politiko bat izan da guztiz. Herri horrekin egiten ari diren errepresioa handiagotzen ari da, eta ez zaie komeni kanpoko inor egotea, herri horrekin egiten ari direna isilarazteko. Ni tresna bat izan naiz, edozein pertsonari gerta dakioken zerbait da. Jendeari ikusarazi nahi diot hau dela herri horren kontrako ekimen zehatz bat. Bestalde, eskertzen dut jendearen aldetik jasotako elkartasuna, bai hemengoa eta batez ere, hangoa batez ere. Maputxeekin harremanetan jartzen diren atzerritarrak, beraz, jazarriak dira. Azkenean, estrategia bat estatu inperialistaren aldetik. Elkartasun bat dagoenean herrien artean, mundu mailan ezagutzen ez den errealitate gordin bat jakinarazten da. Estatu bati presio hori kanpotik egitea ez zaio batere gustatzen, eta bere estrategiaren baitan, internazionalismoarekin eta herrien arteko elkartasunarekin bukatu nahi izaten dute. Poliziarengatik tratu egokia jaso duzu? Bai, tratua ona izan zen momentu guztian. Tratua zuzena izan da, baina berez ez dudalako delitu bat egin. Beste zenbait kasutan hango poliziak bortizki jokatzen du atzerriko jendearekin, eta zer esanik ez, bertako jendearekin.
Herri eta pertsona guzti horiekiko maitasuna handi-handia da.Otsailean joan zinen hara. Zein asmorekin? Hasiera batean, lan sakon batetik sortu zen helburu bat izan zen. Distantziatik internazionalistak eta iraultzaileak gara, baina nik beharra sentitzen nuen, proiektu pertsonal bezala, benetan murgiltzeko borrokan eta sufrimenduan dagoen herri batekin. Orduan, erabaki nuen nire kabuz joatea, inongo erakundetzerik gabe, inongo lan zehatzik egin gabe. Kontaktu zehatz bati esker joan nintzen, irrati komunitario batera. Helburua zen errealitatea nire begiekin ezagutzea, bidegabekeria horiek nik neuk nire barnean sentitzea, nireak izango balira bezala, umiltasun eta maitasunez bat egitea, eta ahal zen guztian ekarpen bat egitea. Orain, gainera, gertatu dena eta gero ikusi dut handik jaso dudan elkartasuna eta maitasuna, eta horrekin gelditzen naiz, eta horrexegatik nago hain gaizki orain. Herri eta pertsona guzti horiekiko maitasuna handi-handia da. Han izan zaren denbora horretan zer egiten aritu zara? Integratzea ez da batere erraza izan. Herri maputxea integratzeko zaila da, eta normala da, historian zehar sufritu duten guztiagatik ez dira inorrez fio. Kostatu zait integratzea. Nire saretxoak egiten joan naiz, eta behar ziren gauza guztietarako prestutasuna erakusten saiatu naiz: etxeetan laguntzetik, animaliekin, baratzean, irratian albisteak jorratu behar zirenean… Horrez gain, kultura eta herri batean murgiltzeko modurik onena hizkuntzaren bidez egitea da. Hizkuntza zaila da eta ni ikasle txarra naiz, banekien ez nuela menperatuko, baina gutxienez, zerbait ikasteko eta herri horri errespetua adierazteko hizkuntza ikasteko apustua egin nuen. Horrez gain, benetako errealitatea ikasi nahi nuen, historia ikastaroen bidez. Badago ere Coordinadora de Apoyo del Pueblo Mapuche eta gonbidatu ninduten beraiekin parte hartzera, konfiantza hori behin hartuta. Salaketa lanetan ere ibili naiz, atxiloketetan, espetxeetara bisitatzera ere joan naiz, epaitegietara…. Azken finean, herri horrekin maila guztietan bat egiten saiatu naiz. Ez dakit nire izaerarengatik den edo, baina oso barneratua eta herriaren parte sentitu naiz.
Argi dago nire anai-arrebekin bat egingo dudala betiEuskaldun eta herri maputxeak antzekotasun handiak dituztela diote, baita errepresioaren aldetik ere. Azken hori handitzen doala aipatu duzu. Zein zentzutan? Hara joandakoan eta hango errealitatea eta historia gertutik ezagutzean, harrituta geratu naiz zein antzekotasun handiak dituen herri maputxeak eta euskal herriak. Bi kasutan, espainolak izan ziren konkistatzaileak. Maputxeek lortu zuten espainolak geratzea, negoziazio batera iristea, eta herri bezala errespetatzea, baina, gero, sortu zen Txileko Gobernua, La batalla de la pacificación de la Aracaunia deritzana (gaizki esana, gainera, genozidio bat egon zelako), eta geroztik asko sufritu duen herri bat da. Gaur egun, Txileko Estatua, demokrazia baten izenean, eta gainera, ezkerreko gobernu batetik, geroz eta errepresio handiagoa egiten ari da. Lege antiterrorista aplikatzen ari dira: geroz eta atxiloketa gehiago daude, eta arlo guztietan. Ni neu ere hemen egotea ere hortik dator edo komunikabide alternatiboen kontra ere egiten dute. Era guztiko errepresioa antolatzen ari dira Espainiako Estatuak Euskal Herrian egin duen eta egiten ari den bezala. Antzekotasun handiak daude, eta harreman estuak dituzte Espainiako eta Txiloko gobernuek ere. Belaunaldi berriak datoz, kontzientziatuta daude, eta beraien identitatea eta lapurtu dioten guztia berreskuratzeko lanean ari dira, hizkuntzatik hasita. Behin kanporatu zaituztela, zer egin dezakezu hemendik maputxeen borroka babesteko? Hemen egoteak eta nire proiektua moztuta gelditzeak ez du esan nahi beraiekiko elkartasuna eta konpromisoa ez dudanik hartuko. Baliatu nahi dut nik pairatu dudana, baina ez maila pertsonalean niri buruz hitz egiteko, baizik eta ni tresna bat izan naizelako, eta horren bidez, ikusarazi nahi dut Txileko Gobernua zer egiten ari den herri maputxearekin eta jendea sentsibilizatu. Egia da mundu osoan herri zapaldu asko daudela, errealitate gordin asko daudela, eta ezinezkoa da denekin bat egitea zuzenean, baina behintzat, jendeak jakin dezala zer gertatzen ari den. Kanpotik ere presioa egin dakioke Txileko Estatuari. Argi dago nire anai-arrebekin bat egingo dudala orain eta beti.
Ahal dudan guztia egingo dut nire aldetik Wallmapura itzultzeko eta ahal dudanean bueltatuko naiz.Orain Txilekiko zein egoera legalean aurkitzen zara? Alegia, bueltatzeko aukera izango duzu? Oraintxe bertan hori da nire kezka handiena. Atxilotu nindutenean Colectivo Estudiantil de Derechok babes eskeko errekurtsoa eskatu zuen ni ez kanporatzeko, baina ez zuten lortu azkenean. Edonola ere, esan didate saiatuko direla hori lortzen ni bueltatu ahal izateko. Ez dakit zein aukerak egon daitezkeen. Hango poliziek esan zidaten ez nuela inongo deliturik eta bueltatzeko aukera banuela, baina beti Espainiako Estatuarekin konpondu nituela kausak. Nik aurrekari penalak ez ditut, eta ez dakit nola konpondu daitekeen. Gertatzen dena da ez dela kanporatzen nauten lehen aldia: zapatistekin bat egiteko asmoa nuelako aurretik, eta Mexikotik kanporatu ninduten, aireportuan bertan. Horregatik; ez da estrategia orokor bat, estatu inperialistak mundu osoan saiatzen dira mozten elkartasun hori. Ahal dudan guztia egingo dut nire aldetik Wallmapura itzultzeko eta ahal dudanean bueltatuko naiz.