Estropada gogoangarri baten ondoren hamar urte geroago Euskadiko Traineru Txapelketa berriro irabazi du Ama Guadalupekoak, Bermeori sei hamarren aterata.
Sinisteko zaila da atzo Lekeition bizi zena. Galizian bi egunez haizearen kontra borrokatu eta gero, eta apenas atseden hartzeko betarik gabe, denboraldiko estropadarik ederrena burutu zuten Kantauriko bi oilarrek, Hondarribiak eta Urdaibaik, Euskadiko Traineru Txapelketan. Itsasoan egindakoa eta gero biek merezi zuten irabaztea, baina txapela bakarrarentzat izaten da, eta atzo Hondarribia izan zen azkarrena, 60 ehunenengatik izan bazen ere.
Estropada ia osoan elkarrekin bogatu eta gero, hirugarren ziabogaren ondoren lau segundoko tartea ireki zuen Hondarribiak eta bazirudien hortxe zegoela txapelketa. Baina azken minutuan Bou Bizkaiak hondarribiarrek alde zuten tartea jan zuen, eta parean jarrita segundo berean egin zuten azken txanpa ikusgarria, bi eskifaiek dena emanda. Hondarribia helmugaratu zen aurrena (19:15:03) eta atzetik, sei hamarrenera baino ez, Bou Bizkaia (19:15:63).
Hondarribiarrak Euskadiko Txapelketa irabazita (arg: Lekeitiko Udala)
Kaiku indartsu dabil aurten eta lehen ziabogaraino Hondarribia eta Urdaibairekin iritsi zen, baina hortik aurrera beherantz egin zuen; helmugan hamasei segundo galdu zituen. Federazioak erabaki zuenetik Euskadiko Txapelketa Santiago Egunean izango zela, argi zegoen talde zabala duten ontzientzat mesede izango zela. Agian beste edozein egunetan jarrita emaitza berbera izan zitekeen, baina asteburua izan den bezalakoa izanik, arraunlarientzat proba gogorra izan zen Lekeitiokoa, batez ere atseden hartu ez dutenentzat, eta eskerrak itsasoa bare zegoela.
Kaikuri gertatu zitzaionaren antzerako zerbait bizitu zuen Koxtape-San Juani lehen txandan. Aurretik hasi zuten estropada arrosek baina bigarren itzulian Zierbenak aurrea hartu zien, eta bukaeran 10 segundo galdu zituzten bizkaitarrekiko, eta 40 Hondarribiarekiko. Sailkapen orokorrean seigarren bukatu zuten pasaitarrek, Orioren atzetik.
Aizperrorentzat ere luzeegia izan da asteburua eta irabazleak baino 27 segundo gehiago behar izan zituen ibilbidea osatzeko, Zierbenak baino hiru gehiago.
Kae ligako bi ontziak izan ziren 20 minututik jaitsi ez ziren bakarrak. Osertz Aldayren Lekittarrak eta Getariak ezustekoa eman zuten bakoitzak bere lurraldeko txapelketan San Miguel Ligako eskifaien aurretik sailkatuz, eta Euskadikoan parte hartzea saria izan da beraientzat. Hori bai, bi traineru horiek eta gainontzekoek gaur dute saria handiena, atsedena hiru eguneko asteburu gogorraren ondoren.
Polemika beste behin
Euskadiko Traineruen Txapelketako ohorezko txanda polemikarekin hasi zen, bi irteera egin behar izan baitzituzten. Lehen saiakeran, ureko epaileari gehiegi kostatu zitzaion bandera jaistea eta Kaiku eta Orio aurreratu ziren —Kaiku zertxobait aurretik—, eta Urdaibaik ere estatxa askatu zuen epaileak bandera mugitu aurretik. Ondorioz, hiru traineruek hiruna segundoko zigorra jaso zuten; estatxari helduta geratu zen Ama Guadalupekoa izan zen zigorrik jaso ez zuen ontzi bakarra.
Araudiari begiratuta, epaileen erabakia zuzena da, baina normalean aurreratzen den lehen ontzia izaten da zigortzen dutena, ez guztiak. Gainera, kontuan izan behar da ureko epaileak bandera garaiz jaitsiz gero —ez zegoen inolako arrazoirik irteera hainbeste atzeratzeko—, Kaiku ez zela aurreratuko, ezta bere atzetik beste bi traineruak ere..
Beste behin argi geratu da epaile batzuek ez dutela arraunak merezi duen mailarik eta erabaki batzuk zailak direla ulertzen. Argi dago ere, epaileen artean bakarrik ez dagoela maila falta dutenak, eta polemika zaleek gutxi behar dutela udarako giroa berotzeko. Hondarribiak itsasoan irabazi zuen bandera eta Euskadiko Txapelketa, zigorraren beharrik gabe, baina hala ere zenbaitentzat polemika dago kirol emaitzaren aurretik, beste behin ere.
Atzo Lekeition estropada gogoangarria eskaini zuten Hondarribiak eta Urdaibaik. Bi traineruek ikuskizun itzela eskaini zuten, baina bandera bakarra dago, eta 60 ehunenengatik Ama Guadalupekoarentzat izan zen. Hori da albistea.