Lehentasuna Irungo eta Hondarribiko bidegorri sareak osatu eta elkartzea izango dute, eta udalei lankidetza eskainiko diete.
Hondarribiko eta Irungo bizikleta erabiltzaileak batu nahi ditu Balazta plataformak
Bidasoaldeko Bizikletaren Aldeko Balazta plataforma aurkeztu zuten herenegun Hondarribian. Hogeita hamar bat kidez osatua dago, eta horietako batzuk elkartu ziren aurkezpenean. Kasino Zaharreko lorategian egin zuten agerraldia, eta lurrean bidegorri zati bat jarrita, Hondarribian eta Irunen bizikletaz lasai ibiltzeko eskubidea aldarrikatu zuten, eta bidegorri sarea osatzeko eskatu zieten erakundeei.
Plataforma irekia da Balazta, eta “hiri-garraiobide gisa bizikletaren erabilera sustatu» nahi du. Helburu horrekin bat datozen hondarribiar eta irundarrei deia luzatu diete, beraiengana hurbildu daitezen (harremanetan jartzeko
posta elektronikoz idatzi daiteke).
Duela bi hilabete inguru hasi ziren mugitzen eta dagoeneko Irungo eta Hondarribiko udalei bilera bana eskatu dizkiete euren asmoak zeintzuk diren azaltzeko. Aurkezpenean Kote Guevara Balaztako kideak azaldu zuenez, datorren astean Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearekin elkartuko dira eta, besteak beste, Amutetik Irunera iristeko bizikleta zaleek dituzten arazoentzako irtenbidea eskatuko diote. “Lehentasunak baditugu -adierazi zuen Guevarak—, eta lehenengoak dira Irun eta Hondarribiaren arteko lotunea aurrera eramatea, eta Amute eta Mendeluko arazoari epe laburrean soluzioa ematea. Jende asko mugitzen da bi hirien artean eta gune hori oso arriskutsua da. Agian hasieran behin-behineko soluzioa eman behar zaio eta gero bilatu beste bat behin-betirako”.
Pabilioien atzealdetik hobe
Balazta plataformak gogorarazi duenez, badira hainbat proiektu inbutu horri konponbidea emateko xedea dutenak. “Ez dugu ezer berririk nahi, dauden proiektu horiei heltzea nahi dugu, irtenbidea arindu”, adierazi zuten. Proiektuen bideragarritasunari buruz galdetuta, Balaztak ez du zalantzarik: aukera onena bizikletentzako bidea Amutaldeko pabilioien atzealdetik, errekaren ondotik moldatzea dela uste dute, eta egiteko erraza dela deritzote.
Txirrindulari bat Mendeluko zatia zeharkatzen
Edonola ere, gaian ardura duten erakundeei lankidetza eskaini zieten herenegun, Mendeluko korapiloa askatu eta bi hirietako bidegorri sareak osatu eta elkartzeko ideiak partekatzeko. “Proiektuak aztertu eta udalekin eta aldundiarekin lan egin nahi dugu, aholkulari gisa”, erantsi zuen Guevarak.
Bizikletaren erabilera sustatu, «baina ez kirolerako, hiri garraiorako baizik», hori da aste honetan aurkeztu duten Balazta plataformaren xede nagusia. Aldarrikapenerako sortu da taldea, baina aisialdirako asmoak ere badituzte, nahiz eta oraindik ez duten ezer zehazturik. Hondarribiko jaien ondoren berriro elkartuko da Balazta eta aurrera begirako helburuak zehaztuko dituzte orduan.
Txirrin-txirrin… kanpainak piztu zuen eztabaida
Hondarribiko bidegorri sarea Irungoarekin lotzeko ideiak biltzeko
Txirrin-txirrin. Bidegorria egin goiburuko kanpaina abiatu zuen Abotsanitzek ekaina hasieran. Etxez etxe eskuorriak banatu eta hainbat bilera deitu zituzten auzoetan, herritarrek iritzia biltzeko. Bilera horietako batean herritar talde batek plataforma independente bat sortzeko beharra azalarazi zuen.
Txirrin-txirrin. Bidegorria egin kanpaina ixteko, bizikleta martxa egin zuen Abotsanitzek ekainaren 18an eta, besteak beste, EH Bilduk bat egin zuen ekitaldiarekin.
Kanpaina amaituta, eta plataforma independente bat sortu behar zela jakinda, balorazio ona egin zuen Abotsanitzek: “Ixilean gordeta zen gai bat, herritarren gehiengo nabarmen bat ados dagoena, azaleratzea lortu dugu eta ikusgai egin da”.