Rikardo Arregi Saria jaso du, kazetari berri onenari. ‘Irunero’-n eta Antxeta Irratirako egiten du lan, eta Kiroletik proiektu propioa ere garatu du. Horrez gain, Nekatoenean egonaldia irabazi du, eleberria idazteko.
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako Kazetari Berria Saria irabazi duzu, Irunero aldizkarian egindako lanagatik. Zein izan da saritutako lana?
Gauza asko egin ditut Irunero aldizkarian, Irungo edozein gai jorratu dut, albiste txikietatik hasi eta elkarrizketa luze sakonetaraino. Hamar elkarrizketa eta erreportajeko sorta bat aukeratu nuen, eta horien artean lotura egiteko gai bezala Irun ezezaguna aukeratu nuen. Hedabide handiagoetan tokirik ez duten gaiak aukeratu nituen.
Gaien artean, denetarik. Adibidez: haurren transexualitatea;?Parisko atentatuen ondoren, islamofobia aztertu nuen, hemengo komunitate arabiarreko kide batzuei elkarrizketa egiten; artista hasiberri bati elkarrizketa; Alemanian lanean ari den irundar bati ere, gaurkotasun handia duen gaia baita… Horrelako gaiak.
Kazetaritzako grina haur zinenetik al duzu?
Egia esateko, ez. Aipatzen da sen hori eduki behar dela. Institutura iristean, ez nekien nondik jo. Gehien gustatzen zitzaidana idaztea zen, horrekin nuen lotura.
Historia edo kazetaritza egin zalantza nuen, baina historiarekin irakasle bezala bukatuko nuela pentsatu nuen. Ez ninduen gehiegi motibatzen… Unibertsitatean hastean, gustua hartu nion. Orduan hasi nintzen Kiroletik blogarekin, duela sei urte.
Goiz hasi zinen praktikan jartzen…
Bigarren urterako nekatuta eta aspertuta nengoen. Jende askori pasatzen zaio unibertsitatean ikasten duenean. ‘Zer arraio ari naiz hemen?’ galdetzen nion nire buruari.
Ikasitakoa praktikan jartzea erabaki nuen, ea motibatzen ninduen jakiteko. Blog hori sortzea erabaki nuen. Alde batetik, kirolzalea naizelako, beste zaletasunen artean. Bestetik, ikusten nuen Bidasoan zailtasunak zeudela kirola euskaraz jarraitzeko. Hori izan zen abiapuntua.
Eta hortik aurrera…
…hortik aurrera, Hitzan eta Antxetan egin zizkidaten elkarrizketak, eta nire lana ezagutzen zutela ikusita, pentsatu nuen ea zergatik ez nuen eramaten irratira. Hara joan nintzen uda batean, inor ezagutu gabe, eta irratsaioa egiteko proposamena onartu zidaten.
Nola izan zen irratira saltoa?
Ideiarik gabe, eta ausardia handiarekin, mikrofonoaren aurrean jarri nintzen, inolako konplexurik gabe. Artean, unibertsitatean, ez genuen irratia asko landu. Pixkanaka joan nintzen ikasten, haiek ere asko lagundu zidaten, eta denborarekin, nire proiektuaren adarretako bat bilakatu da. Bloga izatetik webgune izatera pasatu zen Kiroletik, Antxeta Irratiari esker lortutako diru laguntza batekin.
Nola kudeatzen duzu Bidasoko kirol informazio jarioa?
Proiektuaren gakoa askatasuna da. Nik kudeatzen dut erabat. Nik jartzen dut exijentzia maila, eta irizpideak ere nik aukeratzen ditut. Egia da saiatzen naizela ahal dena egiten, baina erritmoa nik markatzen dut.
Hasieran zaila izan zen, esperientziarik ez nuelako eta nora jo ez nekielako. Baina pixkanaka kirol munduko jendearekin harremana egiten hasten zara, zein webgunera jo behar duzun, eta abar. Batez ere irratirako: astero behar ditut adierazpenak edo elkarrizketak. Joaten naiz talde nagusiak —Bidasoa, Real Union, Erroibide edo Mariño— ikustera, ahal dudanean, eta badakit taldeko nori deitu, nor den euskalduna…
Eta hori guztia kudeatzea erraza da?
Irunero-n buru-belarri nabil, Antxetaren webgunea kudeatzen aritu naiz aurten, baita datorren urtean ere… Gauza asko dira. Gainera, ez dut ez ordutegirik ezta egoitzarik ere.
Lana eta bizitza pertsonala askotan nahasten zaizkit. Hori banatzea oso zaila egiten zait batzuetan. Egia esan, beti izan naiz gauza dezente egiten duen norbait: atletismoa egiten nuen, dantzaria ere izan naiz… Denbora kudeatzeko gaitasuna txikitatik datorkit.
Lagunekin hitz egiten dudanean, flipatu egiten dute ez dutelako ulertzen nola antolatzen dudan nire burua, ezta ordutegirik eta egoitzarik gabe lan egitea ere… Baina tira, ni moldatzen naiz [kar-kar].
Kirola lantzea da gehien gogoko duzuna?
Ez pentsa. Horrekin hasi nintzen, eta jarraitzen dut. Ongi funtzionatzen du. Ez zen nire lehentasuna, eta orain ezta ere. Noizbait kirolari buruzko lan bat aterako balitz, onartuko nuke. Baina ez da bereziki gehien betetzen nauena.
Irunero-rekin bestelako gaiak jorratu ditut, eta oso gustura aritu naiz. Orain jada ez, baina hasieran jende askok uste zuen kirola bakarrik gustatzen zitzaidala. Gustatzen zait, baina ez da nire pasioa.
Kazetaritza lanaz gain, literatura idaztea ere gustuko duzu. Hendaiako Nekatoenean hilabeteko egonaldia egingo duzu, eleberria idazteko. Euskal Kultur Erakundea (EKE), Euskal Idazleen Elkartea eta Euskal Itsasbazterreko Ingurumenaren Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorrak (IAEZI) antolatu dute.
Literatura txikitatik gustatu izan zait, irakurtzea eta idaztea. Hondarribiko Bordari Saria irabazi nuen behin, eta bigarren ere gelditu nintzen. Ez da oraingo kontua.
Kazetaritzan hasi nintzenean, ez nuen idazteko aukerarik, denborarik ez nuelako. Gainera, nire lana idaztea izanda, denbora librean gehiago idaztea… ez nuen hori nahi. Nahiago nuen beste zerbait egin. Nahiko utzita neukan.
Sarietara proiektuak aurkeztu ditut, irabaziko banu, literaturarako bultzada bat izateko. Aukera polita da Nekatoenearena:?proiektu bat aurkeztu behar zenuen, ezer idatzi gabe. Aurkeztu, irabazi, eta akuilu lanak egin ditu.
Zein da aurkeztu duzun proiektua?
Eleberri laburra izango da, hori ziurta dezaket. 1936ko gerra eta Bigarren Mundu Gerra izango da testuingurua. Gure eskualdean kokatuko da istorioa.
Orduan, oraingoaren antzeko errefuxiatu krisi bat izan genuen. Abiapuntua izango da Irungo familia bat, Hendaiara pasatzen dena, eta urte gutxira nazien okupazioa jasan behar duena.
Eleberri historikoa izango da. Benetako gertakari eta pertsonaia batzuk agertuko dira, baina fikziozkoa izango da: abentura izango du, suspentsea… Interesgarria izateko elementuak.
Urrian izango zara bertan.
Bai, hilabetez. Nahiko nuke denbora horri bakarrik eskaini, baina beste zeregin batzuk ditut. Irunero-rako erreportaje atenporalak idatziko ditut, Antxetaren webgunea hilabetez ez kudeatzeko baimena ere badut… Lan erritmoa dezente jaitsiko dut, eta ahal bezain beste denbora eskaini nahi diot.
Pixka bat aurreratzen hasi naiz, eta han bukatuko ez dudala badakit. Egonaldi horrek liburua argitaratzea ahalbidetzen laguntzea espero dut. Baina ez daukat inolako presiorik.
Horrelako aitortzek estimulua emango dute, ezta?
Konfiantza handia ematen dizu. Idazten duzunean ez dakizu norbaitek irakurtzen zaituen. Gainera, literatura saria ez du edonork ematen. Konfiantza eta indarra ematen dizu.
Idazlearena oso jarduera bakartia da, eta ez dakizu nori axola zaion.
Gauza bera gertatzen da Rikardo Arregi Sariarekin: badaukat nire ibilbidetxoa, eta ez dakit zenbaiterainoko oihartzuna duen. Urtea oso gogorra izan da, ordu asko sartu ditut, eta oso gustura hartu ditut bi sariak. Oporrak hartzeko aukera izan dut, egindakoarekin oso pozik eta harro.
Irungo kirol talde nagusiei errepasoa
Bidasoko taldeen jarraipena egin du Oiartzunek pasa den denboraldian, eta horien errepasoa egin du, kirol arloan zein instituzionalean. Hiru talderi buruzko iritzia eskatu dio Hitzak.
Bidasoa
Artalekun «urte polita» bizi izan dela uste du: «Itxaropen handiarekin hasi zuten denboraldia. Konplexurik gabe esaten zuten beraien helburua igotzea zela, ahal bazen zuzenean. Hori ezinezkoa izan zen, Valladolidek kristoren urtea egin zuelako».
Play-offetan lortu zuten Asobalerako txartela, eta liga nagusiari aurre egiteko talde «oso majoa» osatu dutela uste du: «Taldearen bizkarrezurra mantendu dute, eta batez ere etxeko jokalariak dira. Oraindik ere zeresana emango dute. Fitxaketei dagokienez, Asobal Ligan esperientzia duen jendea ekarri dute».
Helburua salbatzea izango da, eta Oiartzunen ustez lortuko dute. Hori eskuratuz gero, aro polita etor daitekeela pentsatzen du, bospasei urtetan. Orduan, Europan ere ikusten ditu. Arlo instituzionalean, urte oso latzak pasatuta, ondo bidean da kluba.
Real Union
«Beti esaten da arazoak edukiko duela dagokiona ordaintzeko, eta Bigarren B Mailan jarraitzeko. Beti, nola edo hala, konpontzen dute». Oiartzunek ez du arazoa konpontzeko formularik, baina zerbait aldatu behar dela uste du. Azken urteetan, Bigarren Mailatik jaitsi eta orain arte, filosofia aldatu dute Unionen: jokalari gehienak gipuzkoarrak eta nafarrak dira. Aitor Zulaikaren gidaritzapeko bi urteak «oso politak» izan dira: «Entrenatzaile oso ona da, eta taldeari zukua atera dio. Gauza bera gertatu da bi urteetan: zaleek, denboraldi hasieran, esaten zuten talde horrekin ez zirela urruti iritsiko, eta mailari eusteko larri ibiliko zirela».
Gero Federazio Kopa irabazi zuten, eta laugarren postuan sailkatu ziren. Bigarren urtean, berriz, bosgarren postuan.
Asier Santana etorri da Realetik, eta antzeko ideiak ekarriko dituela uste du. Blokea mantendu da, eta play-offetarako lehian egongo dela aurreikusten du.
Mariño
Ez du Real Union edo Bidasoaren oihartzuna, ezta maila ekonomikoa ere, baina Mariñoren neurriko talde bat Emakumeen Bigarren Mailan egotea gauza handia da. Ez da hiriko klub handietako bat; ez du beste biek duten historia: jatetxe batetik sortutako kirol taldea da, baina urtez urte ari da bidea egiten. «Harrobia ongi landu dute», nabarmendu du irundarrak, «eta emakumeen kirolari garrantzia handia eman diote hasieratik. Fruituak eman ditu». Horrela, aurtengo bajak ordezkatzeko, harrobiko jokalariak erabiliko dituzte.
Euren helburua, Oiartzunen arabera, ez da Lehen Mailara igotzea, ahalmenik ez dutelako, «baina ez dut uste mantentzeko arazorik izango dutenik. Hala ere, seigarren edo zazpigarren postuan bukatzeko ez dute arazorik edukiko», gaineratu du kazetariak.