Hondarribia Futbol Elkarteko neska kadeteak Gothia Cup torneoan ari dira parte hartzen. 80 herrialde baino gehiagoko 1.700 talde elkartu ditu torneoak.
Munduko futbol txapelketa handiena da Gothia Cup
Euskal Herriko futbolari gehienak oporretan dauden bitartean, munduko gaztetxo asko Gothia Cup torneoan ari dira lehiatzen. Gothenburgen (Suedia) egiten dute eta parerik ez duen txapelketa da. 110 futbol zelai, 4.200 partida programatuta, 80 herrialdetik gorako 1.707 talde, eta horien guztien artean Hondarribia Futbol Elkarteko (HFE) kadeteen nesken taldea, 16 urtetik beherakoen kategorian (G16) —Haur Mailako bigarren urteko neska batzuek bidaiatu dute kadeteekin, taldea osatzeko—.
1975 urteaz geroztik jokatzen da udaro Gothia Cup. Gazteen Munduko Txapelketa bezala ezaguna da eta, zenbakiei erreparatuz, ez da gutxiagorako. Olatz Markinez entrenatzailearen arabera, “dena handia” da Gothia Cupen: “Beste torneoekin konparatuta, dena hirukoiztuta dago, toki guztietan daude ekipoak eta torneoarekin erlazionaturiko gauzak. Sentsazioa pasada bat da”.
Txapelketa handia bezain inportantea dela deritzo Markinezek, “jendearentzako garrantzitsua da, eta aurretik ondo prestatuta etortzen dira”. Aurreko bi urteetan Hondarribiko neska kadeteak Benidormera joan ziren, han egiten duten txapelketara, eta iaz txapeldun geratu ziren. “Benidormen egon ondoren, benetako torneo bat zer den erakutsi nahi genien jokalariei”.
31 laguneko taldea
25 jokalarik, bi entrenatzailek eta lau gurasok osatu dute HFEren espedizioa. Edu Jimenez eta Miren Bengoetxea, Uxue jokalariaren gurasoak,
autobusean joan ziren Gothenburgera eta alabaren esperientzia gertutik bizitzen ari dira. “Oroitzapen bat, bizi osorako gordeko dutena”, horrelakoa ari da izaten bidaia gazteentzat.
Irabazita ala galduta, lagun asko egin dituzte hondarribiarrek Gothia Cupen
Futbolak eraman ditu hondarribiarrak Suediara, baina Uxueren amak uste du Gothia Cup kirola baino askoz gehiago dela: “Esperientzia oso aberasgarria da haurrentzat zentzu guztietan, bai kirol arlotik, baina baita harreman pertsonalen aldetik ere». Lagunak izan arren, inoiz ez dute aurretik astebete luzez elkarrekin bizitzeko aukera izan, “eta munduko beste kultura desberdinak dituztenekin egoteko modua ere izan dute”, gaineratu du Bengoetxeak.
Antolakuntza harrigarria
Igandean iritsi zen espedizioa Gothenburgera eta ordutik begiak itxi ezinda daude jokalariak. Bazekiten ekitaldi handi batera zihoazela, baina hara iritsita, txundituta daude aurkitu dutenarekin. Gehien harritu dituena antolakuntza da: “Gune desberdinak daude hirian —kontatu du Ekhiñe Zubillagak—, eta horietako batean 23 futbol zelai daude. Bakoitzean talde pila bat elkartzen gara”. Hori horrela, lagun berri asko ezagutzeko aukera izaten ari dira hondarribiarrak: “Beste ekipoekin elkar ezagutza oso positiboa ari da izaten. Esperientzia ikaragarria da”.
Horregatik, elkarbizitza kirolaren gainetik jartzen dute HFEko jokalariek. Hala onartu du Ekhiñe Martinezek ere: “Irabazi ere nahi dugu, baina batez ere ondo pasatzera etorri gara. Partida bukatuta aurkariarekin argazkia ateratzen dugu eta beraiekin geratzen gara hitz egiten”.
Lau egunetan lau partida jokatu ditu HFEko taldeak Suedian
Lau partida jokatu dituzte, bi galdu —biak 3-0 Suediako bi talderen kontra, Skiljebo eta 3-0 Borens— eta bakarra irabazi, 2-0 Norvegiako Ridabu taldearen aurka. Atzo, play-offetako lehen partidan Alemaniako Hagen Ahrensburgekin 2-4 galduta torneotik kanpo geratu ziren, zortzirenetara pasatu ezinda.
Bukatu da aurtengo Gothia Cup Hondarribiko taldearentzat, baina bihar arte ez dira herrira itzuliko. Esperientzia izugarria bizitzera joan ziren Suediara eta oraindik ez dute ametsetik esnatzeko asmorik.