5x5 erara jokatuko dute, bost jokalariko taldeekin eta bost minutuko partidekin. Boot Camp erakustaldia ere izango da.
Plakaketarik gabeko erara jokatuko dute Hondarribia Beach Rugby
Txingudi Errugbi Taldeak antolatuta, Hondarribia Beach Rugby txapelketa egingo dute bihar larunbatez Hondarribiko hondartzan. Goiz eta arratsaldez izango dira partidak, 10:30etik hasita, eta ez da faltako errugbiaren bereizgarria den hirugarren denbora, partiden ostean taldeek elkarrekin egiten duten festa.
Asteazken arratsaldean egin zuten I. Hondarribia Beach Rugby txapelketaren aurkezpena Kirol kaiko Izurde Elkartean, hain zuzen ere, txapelketako bazkaria eta hirugarren denbora jasoko duen tokian. Txingudi Errugbi Taldeko presidente Iñaki Alberdik onartu zuenez, “Bidasoaren beste aldean errugbia oso ezaguna da, baina hemen ez, eta horrelako jarduerekin ezagutarazi nahi dugu”.
Horretarako hondartza errugbi txapelketa antolatzea erabaki dute, modalitate ikusgarria delako, eta touch erara jokatuko dute, hau da, plakaketarik gabe eta bost minutuko partida laburretara Horrek kirolari eta talde azkarrei mesede egiten die, “eta baloia pasatzen onak direnei”, gaineratu zuen Ibai Camarero Bidasoko klubeko jokalariak.
Aurkezpenerako dagoeneko zortzi taldek izena emanda zeudela jakinarazi zuen Camarerok eta, hori horrela, “ehun lagun gutxi gorabehera espero ditugu”, hau da, hamabost talde inguru. Lau mailetan banatuko dute txapelketa, gizonak, emakumeak, seniorrak eta 35 urtetik gorakoak.
Txapelketaren egunean bertan ere izena emateko aukera izango da, goiz agertuz gero. Bost jokalarik jokatzen dute Beach Touch modalitatean, baina kontuan izanik oso joko intentsua dela, “gutxienez zazpi lagun eduki behar ditu talde bakoitzak”.
Sariak eta zozketak
Aurkezpenean, Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzi Kalixa Silanesek eskerrak eman zizkien antolatzaileei, baita jarduera posible egin duten babesleei. Izan ere, lehen sailkatuentzako sariez gain, txapelketan parte hartzen dutenen artean hainbat zozketa egingo dituzte, besteak beste, menuak Irungo Juanita, Danako eta Amona Kattalin Txoko jatetxeetan eta Hondarribiko Sardaran eta Etxeberrian.
Horiez gain, txapelketaren ondoren hirugarren denbora luzatzea erabakitzen duten jokalariek deskontuak izango dituzte Itsaspe, Itxaropena, Sardara eta Basque tabernetan.
Hondarribia Beach Rugby. Ordutegia
- 09:30. Bilera eta Akreditazioak
- 10:30-13:00. Lehen fasea
- 13:00-15:00: Bazkaria
- 15:00-18:00. Bigarren fasea
- 19:00-22:00. Sari banaketa eta 3. denbora, Burrunba Elektrotxarangarekin, Izurde Elkartean.
- Festa bukaera Portu auzoan
Boot Camp zirkuitua
Hondartza errugbi txapelketaz gain, Boot Camp erakustaldia antolatu du Txingudi Errugbi Taldeak biharko. Militarren entrenamenduetan oinarritutako eta errugbirako propio zuzenduriko ariketa multzoa da Boot Camp, besteak beste, gurpil handiekin prestaturiko ginkana moduko bat.
Hondarribiko hondartzan bi erakustaldi egingo dituzte larunbatean, 12:00etan eta 16:00etan. Boot Camp jarduera ezagutzeaz gain, nahi duenak saiatzeko aukera izango du.