Goikok eta Olhak irekiko dute House Made Home torneoa
Goiko-Garita eta Olha-Erkiaga lehiatuko dira House Made Home zesta txapelketako lehen finalerdian.
Iñaki Osa Goikoetxea Goiko eta Cristophe Olha, zesta puntako munduko zirkuituko aurrelari onenetako bi, elkarren kontra ariko dira gaur Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan, House Made Home txapelketako lehen finalerdian. Goikok Garitaren laguntza izango du atzeko koadroetan eta Olhak Ibai Erkiagarekin osatuko du bikotea. Hurrengo finalerdia datorren ostiralean jokatuko da, Egiguren-Inza eta Olharan-Etcheto bikoen artean. Jai Alive enpresan bi partida programatu ditu gaurko, amateurren lehia bat eta aipatutako House Made Home torneokoa. Bi partiden artean gastronomia dastaketa izango da, gaur, Txantxangorri jatetxearen eskutik. Edateko, Hiruzta txakolina eta Mitarte upategiko ardo beltza banatuko dira. Sarrerak 12 euro balio du, dastaketa barne.