Madalen karrikako festetako egun handia da gaur. Eguerditik aurrera jende asko hurbilduko da Barriotxinora.
Urtero bezala, aurten ere Madalen Eguneko bezperan apaindu zuten auzoa
Bustitik esnatu da Madalen Eguna Hondarribian baina horrek ez ditu Barriotxinoko biztanleak etxetik atera gabe utziko. Eguzkiaren laguntzarekin edo zira soinean, ondo pasatzen dute beti Madaleneko festetan, eta gaur ez da desberdina izango.
Atzo bota zuten txupina eta gaur, egun handia izanik, jende asko espero dute auzunean. Batzuk etxera bazkatzera hurbilduko zaizkie, eta beste asko arratsaldeko jokoetan parte hartzera arrimatuko dira.
Egun eta erdiko jaiak dira Madalen karrikakoak baina intentsoak eta, auzoko gazteek —eta gazte izandakoek—, lan itzela egiten dute jaiari eusteko.
Madalen Eguna. Egitaraua
- 08:30ean. Irungo Uranzu Dultzaineroen diana.
- 11:00etan. Portuko Elizan meza auzoko hildako guztien oroimenez.
- 17:00etan. Buruhandiak Irungo Uranzu dultzaineroekin.
- 17:30ean. Haur jokoak.
- 20:00etan. Txokolatada.
- 20:30ean. Buruhandiak Irungo Uranzu dultzaineroekin.
- 21:00etan. Auzoko jubilatuen afaria Hondarribia Kirol Taldea Elkartean.
- 22:00etan. Disko Festa.
- 00:30ean, Zezensuzkoa.