Udalak hainbat lan egin ditu baratzeak prestatzeko; orain arte zeuden txabolak kentzeaz gain, ur hornikuntza sarea jarri du, besteak beste.
Bukatu dituzte Puianako 76 ekobaratzeak egiteko lanak, eta orain, deialdia irekiko dute horiek erabiltzeko interesa dutenek eskaera egin dezaten. Baratzeak 30 metro koadrokoak dira, eta zehazki, Puiana etorbidea eta Potzuetakogaina kalearen artean daude.
Lanak egin aurretik, espazio horretan baratzeak zeuden, baina ez zegoen ondo banatua, eta txabolak, lursailak eta baratzeak antolatu gabe zeuden. Orain udalak lursaila garbitu du, eta orain arte zeuden txabolak kendu ditu. Horrez gain, uraskak jarri dituzte ura biltzeko, eta baita ur hornikuntza sarea eta isurbide bat ere. Zenbait egurrezko txabola ere jarri dituzte, baita zuhaixka batzuk ere. 346.200 euroko aurrekontua izan dute.
“Espazioa garbitu eta ordenatu da, lurra erabilgarri egiteko eta ekobaratzeen proiektua garatu ahal izateko”, adierazi du Cristina Laborda Hiri Lanetako zinegotziak.
Miguel Angel Paez Garapen Iraunkorreko zinegotziaren arabera, espazio hori egokia zen Irunek baratze ekologikoen lehen parkea izateko. Aisia alternatibatzat aurkeztu du.
Orain, horiek esleitzea falta da. 76 baratzetik bost mugikortasun mugatua dutenei zuzenduta daude. Beste sei intereseko taldeentzat gordeko dituzte; esate baterako, ikastetxeak, Agenda 21 egitasmoa garatu dezaten. Geratzen diren 65 baratzeak adinaren arabera banatuko dituzte: 65 urtetik gorakoak (26 baratze), 36-65 urte (23 baratze) eta 18-35 urte (hamasei baratze).
Hasiera batean, urtebeterako utziko dituzte, eta beste hiru urtera arte luzatuko litzateke (gehienez, lau urte).
Eskaerak Irun Txartelaren bidez egin beharko dira HAZan edo
www.irun.org webgunean.
Miguel Angel Paez (ezkerrean) eta Cristina Laborda ekobaratzeak bisitatzen.