Bihar izango da egun handia, Madalen Eguna, baina gaur botako dute txupina.
Bihar, ostiralez, haurrak izango dira protagonista Madaleneko jaietan
Hondarribiko festa politenak ez badira, ez dira urruti ibiliko. Madalen karrikako festak ospatuko dituzte gaur arratsaldean eta bihar, ostiralez, Hondarribiko Portuan. Kale txikia da Madalen karrika, baina handiak antolatzen dituen jaiak, herriko beste auzoetako ehundaka lagun biltzen baitituzte.
Gutxi barru hasiko dira jaiak, baina aurretik kedada egingo dute auzoa apaintzeko eta Santa Maria Magdalenaren koadroa eskegitzeko. Txupina, zazpietan botako dute.
Bihar izango da egun handia, Madalen Eguna, ekitaldi gehien eta jendetsuenak bilduko dituena. Ohi bezala, haurrak izango dira protagonista nagusiak, baina ez bakarrak.
Madalen karrikako festak. Egitaraua
Hilak 21, osteguna
- 16:00etan. Auzo-apainketa eta Santa. María Magdalena koadroaren erakustaldia.
- 19:00. Txupina.
Hilak 22, ostirala
- 08:30ean. Irungo Uranzu Dultzaineroen diana.
- 11:00etan. Portuko Elizan meza auzoko hildako guztien oroimenez.
- 17:00etan. Buruhandiak Irungo Uranzu dultzaineroekin.
- 17:30ean. Haur jokoak.
- 20:00etan. Txokolatada.
- 20:30ean. Buruhandiak Irungo Uranzu dultzaineroekin.
- 21:00etan. Auzoko jubilatuen afaria Hondarribia Kirol Taldea Elkartean.
- 22:00etan. Disko Festa.
- 00:30ean, Zezensuzkoa.
Santiago kalea ekitaldiz blai
Madalen karrikako jaiak bukatuta ere jai giroak segituko du auzunean, besteak beste Santiago Egunaren inguruko ospakizunekin bat egingo dutelako. Despistaturen bat baldin badago, plaza bakarra dago auzunean, nahiz eta karteletan modu askotara erabiltzen den: Santiago, Madalen, Santa Maria Madalena eta Pisuzarrena. Lau izen ditu —gutxienez— baina plaza bakarra da. Eta ekitaldi asko jasotzen ditu udaran, horietako batzuk asteburu luze honetan.
Hala, larunbatean, Hondarribiko Hiria Musika Bandak kontzertua emango du plazako tablatuan, 23:00etik aurrera.
Igandeko atsedenaldiaren ondoren, astelehenean Santiago Eguneko erromeria izango da leku berean, 22:00etan. Abesti klasiko batzuk entzuteko eta dantzatzeko aukera izango da Joselu Anayak taldearekin.
Eta bukatzeko, asteartean, Irungo Eraiki Dantza Taldeak antolatzen duen Gaztefolk jaialdiak geldialditxoa egingo du Madalen auzoan. Jaialdiko parte hartzaileek ibilaldia egingo dute herrian zehar, eta ondoren, Santiagoko plazatxoan egingo dute ekitaldia, 22:30ean.