Hondarribia Arraun Elkarteak erakustaldia eman eta beste bi bandera irabazi ditu Galiziako estropada zailen aurretik.
Igandean, Getxoko eta Bilboko banderekin. Marka guztiak hausteko bidean da Hondarribia Arraun Elkartea
Asteburuan Galiziako estropadak egingo dituzte traineruen San Miguel ligan. Itsaso zabalean eta meigak tarteko, beldur izaten diote arraun elkarteek Galiziako asteburuari, beti izaten baita Moañan edo Boiron huts egin eta hango uretan puntu asko galtzen dituen traineruren bat edo beste.
Jokoan asko dutenak izaten dira Galizian gehien galtzeko dutenak eta pentsa zitekeen, sailkapeneko buru izanik, Hondarribia Arraun Elkarteak nahiagoko zukeela hurrengo asteburuan etxean geratu, hango ur zailetatik urrun. Baina azken bi estropadetako erakustaldi parearen ondoren, eta kontuan izanik astelehenean Euskadiko Txapelketa dagoela eta elkarteren batek talde zabala badu hori Hondarribia dela, Ama Guadalupekoaren zaleak lasai daude, Nerbiotik bezala Galiziatik ere indartsuago itzuliko direla espero baitute.
Nerbio aldetik beste bi bandera ekarri zituen Ama Guadalupekoak. Aurreko asteburukoak ondo lortuak izan baziren, azken biak hobeto. Berriro, zazpi aldaketa egin zituen Mikel Orbañanosek larunbatetik igandera eta berriro, ontziak mailari eutsi zion. Ligako heren bat burutu denean, lehen taldeko arraunlari guztiek irabazi dute banderaren bat. Orotara, zazpitik sei irabazi dituzte berdeek eta, horiez gain, Gipuzkoako Txapelketan eta liga hasi aurretik jokatutako guztietan nagusi izan da Hondarribiko taldea. Galizian huts eginda ere, gauzak asko aldatu beharko lirateke norbaitek hondarribiarren nagusitasuna zalantzan jartzeko.
Larunbatean VII. Bilboko bandera irabazi zuen Ama Guadalupekoa traineruak, asteburuko lehen erakustaldia eskainiz. Lan erditan hamar segundoko aldea lortua zuen bai Urdaibairekiko, bai Kaikurekiko. Bigarren erdian aldeari eutsi zion, eta 19:29ko denborarekin ligako bosgarren bandera astindu zuten berdeek. Kaikuk indartsu bukatu zuen estropada eta Urdaibairen aurretik sartu zen —8 segundora Kaiku, eta 13ra Bermeo eta Astillero—.
Eta igandean, Ama Guadalupekoak ahoa bete hortzekin utzi zituen beste guztiak, baita zaleak ere. Orain arte nagusi izan da Hondarribia, baina besteak gertu zeudela zirudien. Azken bi estropadei erreparatuz, ordea, beste liga batean daudela dirudi. Igandean, Getxoko Estropaden XXXVIII. Ikurriña JA Agirre Lehendakariaren XII. Omenaldia irabazteaz gain, mahaiaren gainean kolpea eman zuen Hondarribiak. Beste behin zazpi aldaketa eginda irabazi zuten berdeek Getxon, eta azken luzean dena eman gabe bogatzeko aukera izan zuten, indarrak gordez.
Ama Guadalupekoa, Getxo irabazi eta gero (argazkia: Maider Celada / San Miguel Liga)
Urdaibai izan zen bigarren eta Tiran hirugarren —adi egon beharko da Meirakoekin hurrengo bi estropadetan—. Kaikuk erakutsi du arraunlariak falta zaizkiola eta igandetan gaizki pasatzen du; Getxon seigarren sailkatu ziren eta sailkapen orokorrean Hondarribitik hamasei puntura daude eta hamar puntu Urdaibaren atzetik; liga ez da beraientzat izango baina irailerako gorenean egongo dira, ziur.
Koxtapek puntu asko galdu ditu
San Miguel Ligan ari diren Oarso Bidasoko beste bi traineruei dagokionez, San Juanek atzera egin du asteburuan, eta San Pedrok aurrera.
San Juanentzat asteburu gazi-gozoa izan da, larunbatean makal, eta igandean piztuta. Bilbon txanda bakoitza ireki zuten traineruek markatu zuten denborarik txarrena eta, ohorezko txandan, Pasaia Donibane-Koxtape atera zen aurretik. Sanjuandarrek ez zuten egun ona izan eta azken bigarrenak iritsi ziren helmugara, irabazlearengandik 30 segundora. Oriorekin zuten aldea galdu dute dagoeneko eta Galizian Tiranen eta Caboren txanda berean lehiatu beharko dira.
Igandean berriro aurrealdean sailkatu ziren sanjuandarrak (Maider Celada / San Miguel Liga)
Larunbatean ez bezala, Getxon bai gozatu zuten arrosek. Bilboko hondamenaren ostean, lehen txandan, Caborekin lehian aritu zen San Juan. Bigarren ziabogatik aurrera galiziarren ubera galdu zuten arren, denbora ona markatu zuten sanjuandarrek, bosgarren, Kaikuren aurretik.
San Pedrok aurkitu du bidea
Badiaren beste aldekoentzat asteburu ona izan da. Larunbatean zazpigarren eta igandean zortzigarren sailkatu zen Sanpedrotarra eta orain arteko estropadetan ligako oilarrekin galtzen zuen denbora dezente murriztu du. Erlojuaren kontra Urdaibaik baino hamar segundo gehiago markatu zuen San Pedrok, eta Getxon bosgarrena baino hiru segundo eta erdi motelago aritu zen.
San Pedrok lan txukuna egin zuen erlojuaren kontra (Maider Celada / San Miguel Liga)
Sailkapenean hamargarren dago Libia eta oraindik urruti ditu aurrekoak, baina Zierbenari hiru puntu jan dizkio eta zuloa dagoeneko ez da hainbestekoa. Badirudi jarraitu beharreko bidea zein den aurkitu dutela moreek.
San Miguel Liga. Sailkapena
- NT2 Hondarribia. 81 puntu
- Urdaibai Avia. 75 puntu.
- Kaiku Producha. 65 puntu.
- Orio Babyauto. 51 puntu.
- San Juan Iberdrola. 50 puntu.
- Tiran Pereira. 48 puntu.
- Astillero. 43 puntu.
- Cabo. 41 puntu.
- Zierbena Bahias Bizkaia. 35 puntu.
- Sanpedrotarra. 26 puntu.
- Portugalete Grupo Eulen. 20 puntu.
- Zumaia. 10 puntu.