Espainiako Ibai eta Zeharkaldien txapelketa egingo dute larunbatean, eta piraguista onenak ikusteko aukera izango da.
Santiagotarrak-ek berak hobekien egiten dakien moduan ospatuko du 50. urteurrena: uretan. Hala, asteburu honetarako bi proposamen aurkeztu ditu. Bata, ezohikoa: larunbatean, Espainiako Ibai eta Zeharkaldien Txapelketa jokatuko dute, eta bestea, ohikoa: igandean, Bidasoko Jaitsiera. Guztia, festa giroan egingo dute, eta txosna zerbitzua ere izango da Santiagotarrak elkartean bertan.
Txapelketari dagokionez, bi ibilbide izango ditu, kategoriaka banatuta. Lehenengoak, kadete, beterano eta parakanoan ariko direnak, 17:00etan abiatuko dira, eta 8 kilometro egin beharko dituzte aurretik (Puntxasen edukiko dute ziaboga). Bigarrenak, berriz, 18:30ean abiatuko dira, eta 14 kilometro egin beharko dituzte. Dagoeneko, 446 lagunek eman dute izena.
Igandean, berriz, Bidasoko Jaitsiera egingo dute. Aurten, asko handitu da parte hartzea Olatz Zabala elkarteko presidenteak azaldu duenez. Normalean, ehun partaide inguru izaten dira, baina aurten, dagoeneko 325 lagunek eman dute izena. 11:00etan abiatuko dira gazte eta seniorrak Villanuevako bihurgunetik, eta San Migelgo korronteetara iristean, haur eta kadeteak abiatuko dira. Euren ibilbidea motzagoa izango da, ordea.
Aurten 50. urteurrena dela eta, irabazleei ematen zaizkien oroitarriak bereziak izango dira, eta Berriztu elkarteak espresuki egin ditu.
Pedro Alegre Kirol delegatuak herritar guztiak animatu ditu ekintzetan parte hartzera, eta Espainiako txapelketan piraguista onenak ikusteko aukera izango dela nabarmendu du.
Anaiatzea
Sellako Jaitsiera izaten da piraguisten topaketa handienetako bat, eta aurten, Santiagotarraken mende erdia medio, bi elkarteak anaitu egingo dira. Asturiasko ibaiko urak Bidasoan botako dituzte, eta alderantziz egingo dute, beraiek abuztuaren 6an.
Ez dira urteurrenarekin lotutako ekintza bakarrak izango, eta urtean zehar ekitaldi gehiago ere egingo dituzte, hitzaldiak eta erakusketa, kasu.
Pedro Alegre, Olatz Zabala, Antxon Arellano eta Ignacio Galartza, 50. urteurreneko ekitaldien aurkezpenean