Irungo Transordizia enpresako kamioi batek gas natural likidotuaren bidez Alemaniaraino iristea lortu du
Hamburgora joan den Iveco 330 GNL kamioia Zaisan.
Alemaniatik bueltan, joan den larunbatean iritsi zen etxera, Irunera, Iveco 330 kamioia. Astelehenean hasi zuen bidaia Madrildik; gainean zuen kamioia asteazkenean entregatu zuen Hanburgon, eta berriro buelta. Ohiko jarduna da garraio enpresa batean, baina kasu honetan berezia, kamioiak erabilitako erregaia eta distantzia medio. Izan ere, Irungo Transordizia enpresaren kamioi batek GNL gas natural likidotua erabilita, Alemaniaraino heldu ahal izan du. Europako lehena izan da erregai mota hori erabilita halako distantzia luze bat betetzen.
Transordiziaren arabera, bidaia inongo arazorik gabe joan zen, espero bezala. Haraino heltzeko kalkulatuta zuten bezala, hiru hornitegitan hartu zuen erregaia kamioiak: Madrilen, Olaberrian (Gipuzkoa) eta Veurnen (Belgika). Bueltatzerakoan, geldialdi bakarra egin zuen, Anberesen (Belgika). «Kamioiak probetan egin bezala erantzun du, aldatu dena distantzia izan da», adierazi du Jesus Galindo Transordiziako zuzendariak.
Horraino heltzeko, aurretik hainbat azterketa eta proba egin ditu Transordiziak. Hala nola, Italiako iparraldean, Frantzian, Herbehereetan eta Belgikan zehar, baina oraingoan, beste koska bat gehiago egitea lortu du: Alemaniara iristea. Transordiziaren jardueran nazioarteko garraioa funtsezkoa da, pisu handia duelako fakturazio nahiz errentagarritasunean.
2014an kamioia erosi zutenetik, hainbat muga gainditu behar izan dituzte, eta erronka nagusia kamioiari autonomia ematea izan da. Izan ere, erositakoan, kamioiaren biltegiak 600 kilometro egiteko autonomia zuen. Horretarako, 2016. urte hasieran, beste biltegi bat gaineratu zioten, eta horri esker, autonomia bikoiztea lortu zuten, 1.300 kilometroraino. Bigarren biltegi hori jartzeko Kataluniako Ham enpresarekin aritu dira elkarlanean, GNL biltegien hornikuntzan lan egiten duena.
Autonomia handia behar zuen kamioiak, Frantzia osorik igaro arte ezingo zuelako biltegia bete. GNL hornitegi gutxi daude, oro har, eta Frantzian ez dago bakar bat ere. Nolanahi ere, irekitzen hasteko asmoa daukatela jakinarazi du Galindok, eta Europan zehar ere zabaltzeko asmoa daukatela toki estrategikoetan: «Europako ia edozein lekutara iristeko moduan izango gara».
Behin helburua beteta, orain erronka GNL kamioi flota oso bat osatzea izango da, eta dagoeneko Ivecori 25 ibilgailu eskatu dizkiote. Galindoren arabera, lehen bost kamioiak uda ostean, iraila edo urrian, jasotzea espero dute. Apustu horrek maila bereko inbertsioa eskatuko du, eta 2,5 milioi euro inbertituko ditu Zaisan kokatuta dagoen enpresak. Horretarako, EEE Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntzak izango dituzte, besteak beste. Inbertsio horren harira, 30-40 lanpostu sortzea espero du Transordiziak.
Erregai garbiagoa
Dieselaren alternatibetako bat da GNLa. Erregai mota hori erabiltzen duten ibilgailuek nitrogeno oxido isuri gutxiago botatzen dute, eta naturan eragin gutxiena duen erregai fosila da, Galindok azaldu duenez. Maila ekonomikoan ere abantailak ekartzen ditu, diesela baino %40 merkeagoa baita. Dena den, GNL ibilgailuak garestiagoak (%20-25) dira, baina alderdi guztiak kontuan hartuta, kostuak murriztea lortzen dela azaldu du Galindok, eta %10 aurreztu daitekeela kalkulatu dute.
Diesel eta GNL kamioiak erabat ezberdinak dira, ezin da diesel bat GNL kamioi bihurtu, Galindok azaldu duenez. Gaur egun, GNL kamioiak ekoizten dituzten bi marka daude: Iveco eta Scania. Edonola ere, itxuran eta erabileran ez dutela inolako alderik gaineratu du: «Gidariak ere ez du aldaketarik nabaritzen gidatzerakoan. Bakarrik biltegia bete behar denean».
Ohiko biltegi bat betetzetik alde askorik ez dagoen arren, hainbat gauza kontuan hartu behar dira. Esaterako, GNL oso tenperatura baxuan dagoela, eta prebentzio neurri bezala, eskularruak eta kareta txiki bat jarri behar dira. Hori guztia azaltzeko, gidariek biltegia betetzeko bi orduko ikastaro bat jasotzen dute. Bestalde, biltegia betetzeko ere minutu batzuk gehiago behar du, baina 20 minututan beteta dagoela zehaztu du garraio enpresako zuzendariak.
“Diesela %100 ordezkatuko duen zerbait bilatzea zaila izango da”
Jesus Galindo, Transordiziako zuzendaria.
Noiz eta zergatik erabaki zuen Transordiziak GNL gas natural likidotuaren aldeko apustua egitea?
2013. urtean izan zen. Ohiko diesela ordezkatzeko erregaiak behar zirela eztabaidatzen hasi zen, hala nola, Europatik isuriak murrizteko jartzen ari ziren helburuengatik. Garraioaren kasuan, helburu hori lortzeko modua ingurumenari hainbeste kalte egingo ez dieten erregai alternatiboen alde egitea da. Hainbat aukera daude, baina horien barruan, gure ustez, egokiena GNL da. Aukera elektrikoak daude; dualak ere, diesela eta GNL konbinatuz, baina arazo mekanikoak sortzen dituzte. GNLaren alde egitea erabaki genuen. Kamioiren bat dualizatu genuen, baina erabateko porrota izan zen. Azkenean, lehen GNL ibilgailua erosi genuen, Iveco 330, 2014an. Egindako testetan frogatu genuen isuriak askoz txikiagoak zirela eta gastuak murrizteko aukera ematen zuela. Erregai berri batek ingurumena zaintzearekin batera, etekin ekonomikoak ere ekarri behar ditu.
Etorkizuna GNLaren eskutik etorriko da, beraz?
Denborak esango du. Dieselak horrenbeste ibilgailu eta jarduera hartzen ditu beregain, zaila izango dela diesela %100ean ordezkatuko duen zerbait bilatzea. Azkenean, guk uste duguna da sektore bakoitzak bere erregai alternatiboa aurkituko duela. Adibidez, hiri garraioan GNL eta elektrizitateak biek funtzionatzen dute ongi, gainera, autobus batek behar duen trakzio potentzia ezin da alderatu gure ibilgailuek, karga handikoek, behar dutenarekin. Nazioarteko salgaien merkatuan trakzio potentzia handia behar duzu, eta potentzia hori egun, oraindik, GNL teknologiak ahalbideratuko duela uste dugu. Bestalde, GNL erreserbak izugarriak dira, ez daukate zerikusirik, esaterako, petrolio erreserbekin. Aukera izango da etorkizunean teknologia oraindik eta garbiagoak lortzeko. Garraioan, diesela eta GNL elkarrekin biziko direla esango nuke, eta agian noizbait baita ordezkatu ere.
Zein helburu dituzue orain GNLarekin?
Hala nola, epe ertainean eta Ivecori eskatu dizkiogun 25 kamioiak iritsi ahala, asmoa da GNL hornitegi propio bat ezartzea hemen, Transordizian bertan, eta modu horretara, gastuan oraindik eta gehiago aurreztuko genuke. Helburua bikoitza litzateke: batetik, gastua murriztea, eta bestetik, gure hornitegiaren bidez, GNL sare bat sortzea. Alegia, besteei ere sustatuaraztea GNL kamioiak erabiltzea. Hornitegia ere irekia izango litzateke.
Diesel kamioiak ordezkatzera iritsiko zarete?
Flota handituz goaz etengabe, lan bolumen handia lortzen ari garelako, zorionez. Ez dakidana da zein neurritan ordezkatuko dituen diesel ibilgailuak edo bakarrik flota handituko den. Egia da, oraingoz ez dela bideragarria GNL flota oso bat edukitzea, gaur-gaurkoz ez dagoelako tokirik hornitzeko. Zenbat eta gehiago hazi GNL sarea, orduan bai ordezkatu ahal izango ditugula diesel ibilgailuak.
GNL hornitegia noizko?
Laster tramiteekin hasi nahiko genuke, datorren urte hasierarako edukitzeko. Hornitegi batek gutxieneko kontsumo bat bermatu behar du. Horregatik, ez dugu ibilgailuak eduki baino lehen jarriko.
Egungo testuingurua kontuan hartuta, nola erantzun dio krisi ekonomikoari Transordiziak?
Krisia lehertu baino zertxobait lehenago jabetu ginen egoeraz. Garraioa termometro bikaina da egoera ekonomikoa nolakoa den ikusteko. Ibilgailu industrialen garraioan aritzen gara, hau da, kamioiak kamioien gainean. Krisia lehertu aurretik barruko merkatuan eskaerak nabarmen murriztu zirela nabaritu genuen, eta batik bat lan publikoetako ibilgailuetan. Horri esker, aurrea hartzea lortu genuen, eta enpresa berregituratu genuen, batetik, murriztuta eta garraiobide alternatiboak bilatuz Europa mailan; alegia, internazionalizazioa. Egoera ekonomikoa hobetu egin da, eta ibilgailu industrialen salmenta errekuperatu egin da dezente Espainia eta Portugalen, eta horrez gain, erabat nazioarteratuta gaude Europan. Horrenbestez, ondo bideratuta gaude.