Bederatzi makina bidali dituzte, horietako bost berriak, Eibarko Alfa enpresak eman dizkienak.
Boluntarioetako hiru Eibarren, Alfa lantegiko arduradunekin
Greziara arropa eramatera joan ziren Hondarribiko boluntarioek joste tailerra muntatuko dute Katsikaseko errefuxiatuen kanpalekuan, Madrilgo Los Olvidados gobernuz kanpoko erakundearekin batera. Gaur bederatzi makina bidali dituzte Madrilera, horietako bost Eibarko Alfa lantegiak emandakoak, eta aste honetan bertan aterako dira Greziarantz. Dena ongi, gaur zortzi irekiko dute joste tailerra Katsikasen.
Ekimenak bi helburu ditu. Batetik, emakumeei zerbait egiteko aukera eskaini diegu, ordu asko ematen baitituzte denda barruan, ezer egin gabe: “Sirian edo haien jaioterrian egiten zituzten jardueretako ahalik eta gehien egin ahal izatea nahi dugu, duten etsipena arintzeko”, azaldu du Izaskun Eizagirre boluntarioak. Bestetik, Europatik bidaltzen zaizkien arropak euren kulturaren eta gustuen arabera moldatzeko aukera emango die tailerrak errefuxiatuei, “eta hori oso inportantea da haientzat, duintasuna sustatzen duelako”.
Katsikasetik itzuli zirenetik, kanpalekuko biztanleen bizi baldintzak hobezeko lanean ari dira boluntarioak. Ekainean zenbait altzari bidali zituzten, Berako (Nafarroa) Alco enpresak eta Euskadiko Haurreskolen Partzuergoak utzitakoak. Ondoren, ikasturte amaierarekin batera, herriko hiru ikastetxeak bisitatu zituzten eta datorren ikasturtean beharko ez duten materiala jaso zuten, hurrengo bidalketa batean bidaltzeko.
Eta orain, joste tailerra muntatzen lagundu dute. Mari Jose Aseginolak azaldu duenez, azkar batean bildu behar izan dituzte joste makinak: “Ekainean esan ziguten irailean muntatuko zutela tailerra, ez zegoela aukerarik lehenago. Baina ostiralean abisatu ziguten aurreratuko zela, eta aste honetako trailerrean sei makinentzako lekua zegoela. Telefono deiak egiten hasi ginen eta larunbaterako bederatzi makina genituen. Ez dakigu orain denak kabituko ote diren, bestela, hurrengo bidalketan joango dira”.
Lortu dituzten makinetako bost Eibarko Alfa lantegiak eman dizkie. “Telefonoz deitu genuen nortzuk ginen eta zertan ari ginen esanez, eta erantzuna sekulakoa izan zen”, kontatu du Eizagirrek: “Bi makina emango zizkigutela esan ziguten, gero lau, eta azkenean bost izan dira, berriak, kutxatik atera gabe daudenak”. Gaur goizean joan dira boluntarioak Alfa enpresara makinen bila, eta bazkalostean bidali dituzte Madrilera, asteburuan jasotako beste lauekin batera.