Georgia, Polonia, Ukraina eta Peruko dantza taldeek parte hartuko dute aurtengo ekitaldian.
Ostegun honetan hasi eta hilaren 26ra arte luzatuko da aurten, Gaztefolk, Bidasoko nazioarteko gazteen folklore jaialdia. Aurten munduko lau txokotako dantza taldeek parte hartuko dute, Eraiki etxeko taldearekin batera: Georgia (Abkazia danze ensemble), Polonia (Folk and Song Dance), Ukraina (Polisianochka) eta Peru (Soy de Peru). Guztiek urteurren bereziaren testuinguruan egingo dute dantza, Gaztefolk-ek hogei urte beteko baititu aurten.
Hori dela eta, hainbat berritasunekin etorriko da, aurtengo ekitaldia. Hasteko, ekitaldia bera zabaldu nahi izan dutela azaldu du Koldo Ribera Eraiki dantza taldeko kideak. Hala, Solas Jolas udalekuak baliatu nahi izan dituzte herriko umeek Gaztefolk-era murgiltzeko, Gazte Eskola egitasmoaren bidez. Bertan, atzerritik etorritako dantza taldeek tailerrak eskainiko dituzte, ostiral goizean, Anzaran (Peru), Santiagoko frontoia (Ukraina), Alai Txoko parkea (Polonia) eta Puianan (Georgia).
Inaugurazio ekitaldia bera ere berezia izango da. Koldo Ribera Eraiki dantza taldeko kideak azaldu duenez, ekitaldi potoloa izango da. Dantza talde guztiak elkartu dira, eta bakoitzak bere folkloreari dagokion pieza bat dantzatuko du. Pieza guztiak Irungo musika bandak joko ditu.
Horren atzean, koordinazio lan handia eta konplexua izan dela azaldu dute Riberak berak eta Garikoitz Gonzalez Irungo Musika Bandako zuzendariak; hasteko, folkloreetako partiturak, kasu batzuetan, ez daudelako idatzita ere.
Argazki onenek, saria
Argazki lehiaketan aurten ere berritasunak izango dira, eta dena modu digitalean egingo dute, bai argazkien transmisioa eta baita formatuak ere. Oinarriak egitarauan nahiz webgunean aurki daitezke.
Herritar guztiak animatu dituzte ekitaldi guztietan parte hartzera, eta kultur anitzetako jendea bizi den hiria izanik, bakoitzak bere jaioterriko jantzi tradizionalak janztera.
Egitaraua
Osteguna
- 11:30: Ekitaldiak, Georgia eta Ukrainako taldeenak, Behobia eta Txanaletan eta Polonia eta Perukoak Pio XII eta Santiagon.
- 20:00: Kalejira, Alberto Anguera plazatik abiatuta.
- 20:30: Agintarien agurra, udaletxean.
- 21:00: Kalejira, San Juan plazatik abiatuta.
- 22:00: Jaialdiaren hasierako ekitaldia: Eraiki, Polonia, Georgia, Peru eta Ukraina.
Ostirala
- 11:30: Gazte eskola,Anzaran (Peru), Santiagoko frontoia (Ukraina), Alai Txoko parkea (Polonia) eta Puianan (Georgia).
- 20:00: Musikarien emanaldiak, San Juan plazan.
Larunbata
- 11:30: Dantza ikastaroa (Polonia, Ukraina, Peru, Gergia eta Eraiki), Zabaltza plazan.
Igandea
- 20:00: Jaialdiaren amaiera (Polonia, Ukraina, Peru, Gergia eta Eraiki), Amaia KZn.
Gaztefolken aurkezpen ekitaldia, Garikoitz Gonzalez (banda), Oscar Lucas (Gaztefolk), Josune Gomez (udala) eta Koldo Ribera (Eraiki).