Euskal Herriko Gazte Orkestrak Mahlerren 'Titan' sinfonia interpretatuko du asteazkenean Itsas Etxean.
Lau kontzertu eskainiko ditu EGO-k udako biran
EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak Gustav Mahler txekiarraren Titan 1. Sinfonia interpretatuko du asteazkenean Hondarribiko Itsas Etxean, 20:00etan. Badira urte batzuk Hondarribia EGOren udako biran sartu dela eta, ohiturari jarraituz, aurten ere papera agortuko dela dirudi. Sarrera oso gutxi geratzen dira saltzeko, hogeita bost inguru eszenatoki parean, eta beste berrogei bat harmailetako goiko lerroetan. Sarrerak Internetez erosi behar dira, Kutxabanken
sarreren salmenta atarian. Sarrera nagusiaren prezio 12 eurokoa da, eta 18 urtetik beherakoek 5 euro ordaindu behar dute.
Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Hondarribia, horiek dira Euskal Herriko Gazte Orkestrak lau egunetan bisitatuko dituen herriak. Juan Jose Ocon zuzendari dutela, erronka “titanikoa” aukeratu du EGO-k aurten, Gustav Mahlerren 1. Sinfonia,
Titan izenekoa.
Datorren urtean hogei urte beteko ditu Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioak. Urte horietan guztietan musika sinfoniko eta ganbera-musikako 150 kontzertu baino gehiago eskaini ditu eta nazioarteko biretan dozena erdi herrialde bisitatu. 120.000 ikus-entzule baino gehiago bildu dira EGO-ren emanaldietan, horietako batzuk Hondarribian, azken urtetan hainbatetan bisitatu baitu Itsas Etxea.
Orotara, 1.200 ikasle pasatu dira hemeretzi urtean gazte orkestratik. Izan ere, hori da erakundearen xedea, gazteen formazioan baliabidea izatea: “Helburua orkestra-prestakuntza ona ematea eta instrumentista gazteen alderdi artistikoa eta giza esparrua sustatzeko egitura sendoa izatea da, eta aldi berean zubi izatea, maila artistiko handiko zubia, mundu profesionalera iristeko”.