X-Pyr lasterketaren hirugarren ekitaldia hasiko da igandean Hondarribiko hondartzan.
X-Pyr lasterketako aurreko edizioko irteera, hondartzan
Hondarribian hasten dira Pirinio mendiak, eta Creus lurmuturrean bukatu, Port de la Selva herrian (Girona, Herrialde Katalanak). Berdin dio oinez zoazen, txirrindulaz… edo parapentez. Hori izango da igandetik aurrera munduko parapente pilotu onenetako batzuek egingo dutena, Hondarribitik abiatu eta Pirinio mendilerroa hegan zeharkatu.
X-Pyr lasterketa hasiko da igande goizean Hondarribiko hondartzan. Haizea lagun, Port de la Selvarainoko ibilbidea egingo dute parapentez, antolatzaileek kokaturiko balizak zeharkatuz. “Baliza horiek mendi garaienetan egon daitezke, adibidez Orhi edo Anayet mendietan, edo haranik itxienetan”.
36 pilotuk eman dute izena eta, dena ongi, hamabi bat egun beharko dituzte ibilbidea osatzeko, 477 kilometro guztira. Aurreneko pilotua helmuga iristen den unean, gainontzekoek 24 ordu izango dituzte ibilbidea osatzeko. Pilotu bakoitzak erabaki dezake nondik nora ibili egun bakoitzean, non geratu atseden hartzeko eta nondik abiatu hurrengo egunean. “Parte-hartzaileak batetik bestera hainbat modutan joan daitezke: korrika naiz pausu normalean, mendira igo eta gero parapentean jaitsi, edo zati luzeak parapentean eginez, baina ezin izango da inoiz beste garraiobiderik erabili”. Araua betetzen ez duena kanporatuko dute epaileek.
Orain lau urte egin zuten X-Pyr lasterketa lehen aldiz eta bi urtean behin antolatzen dute. Hortaz, hirugarren ekitaldia izango du aurtengoa eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, hiruretako onena izango da, “baldintza metereologiko bereziki onak izatea espero delako”.
Irteerarako behintzat hala dago iragarrita. Igandean, goizeko hamaiketan abiatuko da X-Pyr parapente lasterketako hirugarren edizioa. Hondarribiko hondartzatik irtengo dute pilotuek, Pirinioak hasten diren lekutik.
Hamabi bat egun beharko dituzte Pirinioak zeharkatzeko