Dies Oiassonis jaialdi erromatarra inauguratu dute.
Dies Oiassonis
Gaur eguerdian inauguratu dute Dies Oiassonis erromatar jaialdia udaleko, Oiasso museoko, Irun Zaporeak eta Bidashop elkarteko kideek. Igandera bitartean, erromatar garaira bidaiatuko du bisitariak ekitaldi, janari, produktu eta giroak bultzatuta. Izan ere, Oiasso museoko inguruak erromatarrez jantzi dira.
Jose Antonio Santano alkateak Irungo udako ikuskizuna iritsi dela iragarri du, eta Irun udako hiri bihurtu dela adierazi du: “Nork esango liguke iraganaren eskutik etorkizuneko ateak irekiko litzaizkigula?”. Hori posible egiteko erakundeen arteko elkarlana nabarmendu du. Museoaren lana ere agerian utzi nahi izan du alkateak, eta horrek jaialdiari sinesgarritasuna ematen diola esan du.
Bestalde, dagoeneko postuak martxan daude, eta datozen orduetan hainbat ekitaldi izango dira. Gaur arratsaldean bertan, gladiadoreak ikusteko aukera izango da.
Antzerkia, tailerrak, afariak… denetarik izango da.