Iruñeko erasoak salatzearekin batera, TASek guztiak ez duela balio esan du, eta alkohola edo beste droga batzuen kontsumoak ez dituela jarrera sexistak justifikatzen.
TAS Txingudi Anti Sexistak deituta, atzo iluntzean elkarretaratzea egin zuten Zabaltza plazan, Iruñean, sanferminetan, izan diren sexu erasoak gaitzesteko. Beste behin “emakumeen kontrako indarkeria gabeko festak” nahi dituztela eskatu zuten. Horrez gain, elkartasuna adierazi die erasoak jasan dituzten emakumeei, eta euren ausardia goraipatu.
TASen esanetan, dagoeneko bi eraso ezagutzen dira, bata festen lehen egunean gertatutakoa, eta bestea, larunbat gauean. Lehen erasoa egitea egotzita, bost gizon atxilotu dute, eta bigarrengoarekin harremana dutelakoan beste bi. Bi kasuetan, 23 eta 26 urte bitarteko gazteak izan direla ustezko erasotzaileak gogorarazi du.
Biktima edo lekukoa izan, edozein modutako sexu erasoak salatu behar direla adierazi du TASek. Izan ere, ikerketa batzuen arabera, delitu horien %10 baino gutxiago salatzen dira.
TASek gogorarazi du pertsona guztiek eskubide bera dutela festaz segurtasunez, askatasunez eta berdintasunean bizitzeko. Horrez gain, guztiak ez duela balio esan du, eta alkohola edo beste droga batzuen kontsumoak ez dituela jarrera sexistak justifikatzen.
“Egoera horiek, behingoz, gure bidetik ateratzeko”, elkarlanerako prest agertu da, eta herritar guztiei eskatu die salatzera irtetera.
Txingudi Anti Sexistak Iruñeko sanferminetan izan diren sexu erasoen kontra egindako elkarretaratzea, Zabaltza plazan.