Larunbatean Orion eta igandean Donostian, asteburuko bi estropadak irabazi ditu Hondarribia Arraun Elkarteak.
Ioseba Amunarriz, Eusko Label Bandera astintzen (arg: San Miguel Liga)
Asteburuko bi estropadak irabazita San Miguel Liga txapelketako brankan jarri da berriro Hondarribia Arraun Elkartea. Larunbatera Urdaibairekin puntutan berdinduta iritsi zen Ama Guadalupekoa, baina larunbatean nahiz igandean berdeak beste guztiak baino gehiago izan dira, eta TKE ligako lidergoa hartu dute.
Larunbatez Orioko XXVI. Estropadak – IV. Orio Kanpina Bandera zegoen jokoan Oria ibaian. Hondarribia nagusitu zen eta atzetik izan zituen Kaiku, 4 segundora, eta Urdaibai, 7ra. Erlojuaren kontra eta, hortaz, baldintza ia beretan, hondarribiarrak izan ziren indartsuenak, baina aurkariak oso aparte ez daudela argi geratu zen.
Larunbateko albiste iluna Portugaletek eman zuen. Hasteko, hamar segundoko zigorra jaso zuen estatxa azkarregi askatzeagatik —Cabok ere zigor bera jaso zuen—, ondoren bigarren ziabogan bi aldiz barrutik hartu zuten, eta bukatzeko, jarrera lehiakorra ez erakusteagatik epaileek bizkaitarrak kanporatzeko erabakia hartu zuten.
Atzo, igandez, Donostiara mugitu ziren San Miguel Liga osatzen duten traineruak. 20 minutuko denbora eginez (20:00,26), estropada irabazi eta V. Eusko Label Bandera bereganatu zuten hondarribiarrek, San Miguel Ligako laugarrena; Bou Bizkaiak baino 11 segundo gutxiago behar izan zuen Ama Guadalupekoak ibilbidea osatzeko.
Ezustekoa Tiranek eman zuen, lehen txandako baldintza hobeak aprobetxatu eta hirugarren postuan sailkatu baitzen. Ohorezko ontzien artean Kaikuk ez zuen egun ona eduki eta seigarren denbora egin zuen, Ama Guadalupekoarekin 24 segundo galduta.
Asteburuko bi estropadak irabazi ditu Hondarribiak, ibaian bat eta itsasoan bestea, eta ligako lidergoa hartu du. Larunbatetik igandera zazpi aldaketa egin zituen Orbañanosek, eta bi eskifaiek eman zuten maila. Argi dago neguan lan ona egin dutela hondarribiarrek —denboraldian estropada bat ezik beste guztiak irabazi dituzte—, eta talde zabala dutela, irailera sasoi onean iristeko modukoa.
Urdaibai eta Kaiku gertu
Bostetik lau estropada irabazita batek pentsa dezake Ama Guadalupekoak aurkaririk ez duela, baina Mikel Orbañanosenek ondo dakite hori ez dela horrela. Izan ere, Urdaibai lau aldiz izan da bigarren, eta iaz baino indartsuago hasi du lehiaketa. Kaiku ere hor dago, aurreko urtean baino indartsuago —Orion bakarrik lau segundo galdu zituen erlojuaren kontra—.
Orio ez dago egon nahiko lukeena bezain gertu, eta hortzak estutu beharko ditu ohorezko txandan lehiatu nahi badu, Donibane-Koxtape San Juan une gozoa bizitzen ari baita. Asteburuko bi estropadetan Orio laugarren izan da, eta San Juanek bosgarren tokian errepikatu du, baina bi segundo ere ez daude bi ontzien artean.
Atzetik, Zumaia ahulena dela erakutsi du berriro, eta, oraindik goizegi den arren, Portugalete eta Sanpedrotarra dira azken bigarren ez izateko borrokan jardungo dutenak.
Datorren asteburuan Bizkaia aldean jokatuko da San Miguel Liga. Larunbatean VII. Bilboko Bandera ospatuko da eta igandez, klasiko bat, Getxoko Estropaden XXXVIII. Ikurrina.
San Miguel Liga. Sailkapena
- NT2 Hondarribia. 57 puntu
- Urdaibai Avia. 54 puntu.
- Kaiku Producha. 47 puntu.
- San Juan Iberdrola. 39 puntu.
- Orio Babyauto. 37 puntu.
- Astillero. 32 puntu.
- Tiran Pereira. 31 puntu.
- Cabo. 28 puntu.
- Zierbena Bahias Bizkaia. 27 puntu.
- Sanpedrotarra. 15 puntu.
- Portugalete Grupo Eulen. 14 puntu.
- Zumaia. 8 puntu.