Zaporeak egitasmoaren barruan, Kiosen (Grezia) izan da maiatzean Jaione Otxoa irundarra, hilabetez. Sukaldean aritu da lanean, Souda eta Dipetheko errefuxiatuek egunero otordu duin bat izan dezaten.
Zaporeak egitasmoaren barruan, Kiosen (Grezia) izan da maiatzean Jaione Otxoa irundarra, hilabetez. Sukaldean aritu da lanean, Souda eta Dipetheko errefuxiatuek egunero otordu duin bat izan dezaten.

Jaione Otxoa janaria banatzen, lankideekin.
Nolatan eman zenuen pausoa boluntario gisa joateko eta zergatik aukeratu zenuen Zaporeak egitasmoa?
Albisteak jarraitzen nituen mundu guztiak bezala, harrituta. Egun batean nire bikotekideak Zaporeak proiektuaren gaineko informazioa ikusi zuen, egitasmoa martxan jarri zutenean, urtarrilean. Bertan kontatzen zuten janaria prestatu behar zutela. Elikadura funtsezko zerbait iruditzen zait eta eskarmentua dut sukaldean. Gainera, beti eduki dut grina boluntario edo kooperante gisa aritzeko, nahiz eta ez gauzatu. Beraz, hori guztia kontuan hartuta, pentsatu nuen, ‘hori egin dezaket’.
Hara iritsi zinenean zer topatu zenuen? Zerk harritu zintuen?
Lehen eguna nahiko nekagarria izan zen. Lau eguneko bidaia egin genuen furgonetan, eta luze egin zitzaigun. Anconan (Italia) hartu behar genuen ferrya atzeratu egin zen, eta Atenaskoa galdu genuen. Lorik egin gabe sukaldean sartu ginen. Hasteko, antolakuntzak harritu ninduen. Oso ondo antolatuta zeuden. Ni iritsi nintzenean 1.450 bazkari egin genituen. Bakoitzak oso argi dauka zer egin behar duen, eta bere lana zein garrantzitsua den. Gero, janaria banatzera joan ginen, eta hor ilarak ikusi nituen. Nire burua imajinatu nuen, hor, nire familiarekin; ni izan nintekeen. Elkarte gastronomiko batetik sortu den proiektu txiki hau zein garrantzitsua izan daitekeen konturatu nintzen, bestela ez baitzuten jango; Zaporeak-i esker jaten dute.

Jaione Otxoa janaria prestatzen, Kiosen.
Zein lan egiten zenuen bertan?
Janaria prestatzen aritzen nintzen, baina azkenean, denetarik egin behar izaten genuen. Batzuk logistika lanak egiten zituzten: furgonetak kargatu eta deskargatu, bandeja guztiak kontatu, errefuxiatu gune bakoitzarentzako zenbat kaxa eraman behar diren kalkulatu. Koordinatzaile bat ere egoten da. Gero, sukaldean sukaldari eta sukaldari laguntzaile bana daude, ni laguntzaile izan nintzen. Horrez gain, janari guztia ontziratu behar da, eta bi ordu behar dira horretarako.
Nolakoa da egun bat Kiosen?
Ekainaren 2ra arte egon nintzen bertan, eta 6an Ramadana hasi zen: hilabete honetan beste modu batera funtzionatu dute, bazkaria beharrean, afaria ematen aritu direlako, 19:30ean. Gu 06:30ean jaikitzen ginen, eta 07:00etan sukaldean ginen jada. Normalean lapikoak berotzen hasten nintzen, lekaleak egosten, beste batzuk janaria txikitzen aritzen ziren bitartean… Helburua zen 10:30-11:00etarako dena prest izatea, gero, ontziratzeko bi ordu behar direlako. Gero, dena furgonetan sartu eta errefuxiatu guneetara joaten ginen: Souda eta Dipethe. Arbelean jartzen zuten nortzuk joango ziren furgonetan eta zein guneetara joango ziren. Hiru lagun sukaldean geratzen ziren dena jasotzen. Gero, errefuxiatu guneetan mahai bat jartzen ziguten banaketa egiteko. Bi ilara izaten ziren, bat emakume eta haurrena eta bestea gizonena. Txartel bidezko sistema bat jarri dute. Errolda bat egin dute, eta txartel bakoitzean azaltzen zaizu zenbat kide dituen familiak eta zenbat errazio eman behar zaizkion. Txartelak egin aurretik arazoa zen jendeak errepikatzen zuela, eta ondorioz, beste batzuk jan gabe geratzen zirela. Gero, tuperrak banatzen dira. Bertan, lehen platera, bigarrena eta fruta edo jogurt errazio bat ematen zaie, ogiarekin batera. Kalean jatera behartuta zeuden, ezin zutelako kanpamentura eraman. Gero, geratzen zena jaso, furgonetak kargatu, bazkaltzera joan, eta asanblea egiten genuen eguneko balorazioa egiteko. Ondoren, garbiketa talde bat osatzen zen, sukaldea garbi-garbi uzteko. Azkenean, arratsaldeko zazpiak ziren dena bukatzerako.
Zer edukitzen duzue kontuan menu bat aukeratzerakoan?
Zaporeak-ek hasieran errazena, merkeena eta elikagarriena zen janaria prestatzen zuen, batik bat, lekaleak. Gerora, jada errefuxiatuak aldi baterako ez zirela geratuko ikusi zutenean, beste pauso bat ematea erabaki zuten, eta nutrizionista baten laguntza izan genuen. Haragi nahiz arrainerako aurrekonturik ez daukagu, baina elikadura bilketetan jasotzen duguna baliatzen dugu: lekaleak, pasta eta arroza. Gero, han, barazkiak erosten ditugu.
Euren sukaldaritza eta gustuak kontuan hartzen dituzue janaria prestatzerako garaian?
Saiatzen gara euren gustuen arabera prestatzen. Adibidez, lekaleei nahasten zaien tomate saltsa espezieekin nahasten da:?curry-a, kuminoa… Horrez gain, errefuxiatuekin asanblea bat egin dute, jakiteko zer den eurei gustatzen zaiena. Ziurrenik, laster haragia eta arraina ere sartuko dute menuan; oilaskoa. Arroza ere ezberdin egiten dute, espezia askorekin. Han bertan, Siriako sukaldari batek irakatsi zigun nola prestatzen duten.
Errefuxiatuek janaria jasotzean nola erreakzionatzen dute?
Normalean, esker onekoak izaten dira. Batzuetan gertatu izan da ez gustatzea. Kontuan izan behar da euren etsipena maila gorenean dagoela. Uneoro galdetzen dute zer gertatuko den beraiekin. Denbora asko daramate geldirik, ziurgabetasun handiarekin, banatuak izan dira familia asko…
Han egon ez den batek nola imajina dezake zein den hango egoera?
Zaila da. Ni neu ere ez naiz euren tokian jarri ikusi dudan arte. Oso kontzientziatuta egon arren, eta imajinatu arren zer aurkitu ahal izango nuen, ezin duzu jakin. Pertsona horiek guztiak gerra eta izutik ihesi atera dira. Imajinatu egun batetik bestera gerra bat hasten dela, bonbardeatzen hasten direla… aukera baduzu korrika irteten zara, etorkizun hobe baten bila. Ume eta nerabe asko bakarrik daude, eta honekin aurkitzen ari dira: Europan ez ditugula hartzen.
Eurek Europaren jarreraren aurrean nola erreakzionatzen dute?
Nire ustez, itxaropena edukitzen jarraitzen dute, badakitelako euren herria ez dela existitzen, goitik behera suntsituta dagoela. Etsita daude, eta geroz eta gatazka gehiago daude, geroz eta nazkatuago daudelako, ez daukatelako erantzun ez irtenbiderik eta ez dakitelako zer gertatuko den.
Mugak itxi izanak baldintzatuko dio Zaporeak-i?
Zaporeak-en oinarrietako bat honakoa da: ‘Ez gara joango azken errefuxiatua joan arte’. Kontua da, ordea, baliabideek baldintzatzen gaituztela. Ez badugu baliabiderik, zer egin?
Nola lagun diezaiekegu hemendik?
Janaria emanez, ekarpen ekonomikoak eginez… Gero, boluntarioak ere behar dira, ez bakarrik Kiosera joateko, baizik eta hemen bertan geratzeko. Donostiakoak ez badu funtzionatzen, hangoak ezta ere.
Berriro bueltatzeko asmoa duzula aipatu duzu. Noiz?
Denak bueltatzen gara handik esanez bueltatu nahi dugula. Azkenean gogorra da, baina gero, sentitzen duzu zerbait egiten ari zarela. Gustatuko litzaidake berriro bueltatu behar ez izatea, etorkizun berri bat hasi dutelako. Proiektuak aurrera jarraitzen badu, uste dut berriro bueltatuko naizela, behintzat, laguntzeko gogoz nago. Hara joan bazara ezin duzu ikusi eta bizitakoa ahaztu.

Jaione Otxoa