Londresko bi lehiaketetan eta Miamin dominak lortu ditu Jaitzubiko txakolindegiak.
Zorionekoak dira Hondarribiko Hiruztan, bertako txakolinek oso kalifikazio onak lortu baitituzte azken aldian nazioarteko zenbait ekitaldietan. Londresen hiru sari lortu ditu Hondarribiko upategiak, eta beste bat AEBen.
IWC International Wine Challenge lehiaketan 2014 urteko Hiruzta Berezia txakolinak zilarrezko domina lortu du eta epaimahaiak iazko ardoa gomendatu du.
Decanter lehiaketan, aldiz, brontzezko domina bana jaso dituzte 2014ko Hiruzta Bereziak nahiz 2015eko Hiruzta ardo zuriak.
Eta Ameriketatik, beste albiste on bat iritsi zaie Jaitzubiko txakolindegikoei. Floridako sumiller onenak biltzen dituen Veritage Miami 2016 Best in Glass Wine Challenge lehiaketan, urrezko domina eman diote Hiruztari. “Era berean, aipagarria da Estatu Batuetako Wines & Spirits aldizkariak Hondarribiko txakolinari 90 puntu eman izana”, erantsi du txakolindegiko prentsa arduradunak.
Hain zuzen ere, udan itsaskiekin hartzeko gomendatzen du aldizkari ezagunak, “Kantauri itsasora begira”.
Hiruzta txakolindegia, Hondarribiko Jaitzubia auzoan