Sergio Perez Berasategi irundarrak egin du XI. Hondarribia Blues Jaialdiko kartela.
Sergio Perez gustura dago kartela nola gelditu den ikusita
Astebete eta gutxi gehiago geratzen da
XI. Hondarribia Blues jaialdia hasteko. Aste honetako ostiral eta larunbatez kontzertu bana izango dira kirol kaian —Iker Piris Trio ostiralean eta De 2 en Blues Band larunbatez—, giroa sortzeko, baina jaialdia hilaren 14tik 17ra egingo dute.
Kartela da 2016ko berrikuntzetako bat, lehen aldiz lehiaketa bidez aukeratu baitute. Sergio Perez Berasategi da egilea (1976, Irun), diseinatzaile grafikoa lanbidez, eta jaialdiaren bisitaria, ohituraz.
Dagoeneko kalean ikus daitezke Hondarribia Blues jaialdiko aurtengo edizioko kartelak, zuk diseinatu dituzunak. Nola ikusi dituzu?
Oso pozik nago. Inprimaketa oso ondo dago, kolorez eta abar. Beti horri beldurra izaten diogu diseinatzaileok, ea kalean nola ikusiko den, ea bisualki jotzen ote duen. Pozik nago ikusi dudanarekin.
Irabazi zenuela jakin zenuenean, blues zalea zarela aitortu zenuen, eta jaialdira joateko ohitura duzula. Ilusio handiagoa egingo dizu horrek, ez, zale izanda zure kartela kaleetan ikusteak?
Ia ekitaldi guztietara joan naiz, akaso baten batera ez, baina ondoko herrikoa izanik, erraza dut. Aurten kartela nirea izateak ilusio handia egiten dit, ez dizut gezurra esango. Aurten ez dut hutsik egingo, inola ere ez.
Eta, zalea izateak lagundu al zizun kartelaren diseinua asmatzerakoan?
Bai, are gehiago, aurkezteko arrazoietako bat hori izan zen, jaialdia ezagutzen dudala eta musika hori ezagutzen dudala, estetikak eta abar, gertuko musika dela niretzat. Normalean ez naiz lehiaketetara aurkezten, baina hau erraza zen niretzat, eta motibatzen ninduen.
Berez, diseinatzaile grafikoa zara. Arlo pribatuan aritzen zara?
Bai, diseinatzaile grafikoa naiz,
free-lance moduan aritzen naiz —
Moriskette estudioa sortu du—, eta normalean enpresentzat egiten dut lana, edo erakundeentzat, eskaerei erantzunez, bai, arlo pribatuan. Lehiaketetara ez naiz ia inoiz aurkezten, baina honetarako gogoa nuen, eta ondo etortzen da tarteka beste gauza batzuk egitea, maila pertsonalean interesgarria da hori.
Bluesaren mundua oso zabala da, azpigenero asko, historia luze bat. Bluesaren zein atal aukeratu zenuen zuk kartelerako?
Egia da. Oso genero zabala da, azpi atal asko dituena. Nik arlo elektrikoa azaldu nahi zuen, eta bereziki harmonikari garrantzia eman nahi nion,
harp esaten dioten horri. Oso blues estilokoa da harmonika, oso bereizgarria, beste tresna batzuk beste estiloekin ere konpartitzen ditu bluesak, gitarrak eta abar, baina harmonika bluesarena da ia bereziki. Horregatik aukeratu nuen mikrofono mota hori ere,
harp munduarekin harreman handia duelako.
Deigarria da koloreen erabilpena, laranja eta urdin ilunaren arteko kontrastea. Gainera, genero beltza da bluesa, eta kolore beltzarekin identifikatzen da. Zuk ordea, urdina aukeratu duzu beltzaren ordez.
Edozein lan egiten duzunean hainbat proba egiten dituzu eta kolore paleta desberdinekin probatzen duzu. Beltza, berez, kolore agresiboa da, eta marrazkiaren estetikak berez badu indarra, izpi horiekin eta… Probak eginez, estetika gogor hori leuntzeko aukera ematen zuen urdinak, eta jaialdiarekin bat zetorren, udako jaialdia delako, freskoa, blues zale eta ez diren asko erakartzen dituena. Tipografia ere atsegina da, 50-60ko hamarkadak gogora ekartzen dituena…
Hamar egun geratzen dira Hondarribia Blues jaialdirako. Nola daukazu agenda egun horietan?
Agenda erreserbatua dago. Irunen bizi naiz eta jaialdia ez daukat urruti. Lana egin beharko dut egun horietako batean, baina gauetan agertuko naiz, ziur. Eta gauetan soilik ez, arratsaldetako kontzertuak ere gustuko ditut, oso leku ederretan antolatzen baitituzte. Oso dibertigarriak izaten dira, eta gustura jarraitzeko modukoak. Azken urteotan gauekoez gain eguneko ekitaldiak ere aprobetxatu izan ditut. Sekulako plana izaten da.