Udalak, guztira, 23.000 ikusle inguru kontatu ditu, antolatu diren kultur ekintza guztietan.
San Pedro eta San Martzial jaien biharamuna pasatuta, balorazioa egiteko txanda da, eta udalak jaien parte hartzea hazi dela nabarmendu du. Guztira, 23.000 ikusle inguru kontatu ditu, antolatu diren kultur ekintza guztietan. Hori, hiriko elkarte eta entitateei esker izan dela nabarmendu du Juncal Eizagirre Kultura zinegotziak. Horrez gain, ekintzak “askotarikoak eta pluralak” izan direla gaineratu du.
Kontzertuen atalean, ikus-entzule gehien izan zituztenak ekainaren 19an Urko eta Irungo Hiria musika bandak eskainitakoa eta ekainaren 23an Kulto Kultibo eta Vendettak eskainitakoa izan dira, udalak jakinarazi duenez. Beste kultur ekintzei dagokienez, joan den ostiraleko bakarrizketa saioak eta puzgarriak izan dira herritar gehien erakarri dituztenak, udalaren arabera.
Irungo elkarteek antolatutako ekintzak ere nabarmendu ditu udalak, hala nola, Betti Gottiren bazkaria (1.700 lagunek parte hartu zuten), Santiagoko Deabruen jarduerak, Lagun Artean elkartearen pintura lehiaketa eta Euskal Kirolak-en Ganadu Azoka. Egun horretan Urdanibia plazatik 5.000 lagun pasatu ziren.
Edalontzi berrerabilgarriak
Aurten estreinakoz 12.000 edalontzi berrerabilgarri jarri dituzte txosnetan, eta udalaren esanetan, arrakastatsua izan da. Dagoeneko herriko zenbait taberna Kultura departamenduarekin jarri dira harremanetan aurrera begira ere parte hartzeko.
Vendetta taldeak Urdanibia plazan emandako kontzertua. (Argazkia: Vendetta)