HondarribiArt aldizkari digitala aurkeztu dute. Herria turistikoki sustatu nahi du, baina azgazkilaritzan arreta jarriz.
Maria Serrano eta Vladi Garcia, HondarribiArt aldizkariaren aurkezpenean
HondarribiArt aldizkari digitala jaio da. Hondarribia herri turistiko gisa sustatu nahi du, baina ikusten ohituak ez gauden argazkien erakusleiho ere izango da. Hala, Bidasoko eta inguruko hainbat argazkilari amateur nahiz profesionalen kalitate handiko lanak bildu dituzte lehen zenbakirako, eta hurrengoetan ere bide horri eutsiko diote. Gaur aurkeztu dute Hondarribiko udaletxean, eta bertan izan dira Maria Serrano Turismo zinegotzia eta Vladi Garcia, aldizkariaren koordinatzailea eta editorea.
Urtean bi zenbaki aterako dituzte eta, Garciak aurkezpenean azaldu duenez, Hondarribia herri turistiko gisa duen potentziala azaldu nahi du aldizkariak, baina argitaratzen diren argazkiak zainduz: “Hiriaren edertasunak asko erakartzen du eta argazkietarako gune ezin hobea da. Ikusi genuen argazki asko zeudela baina ez oso berrituak, eta hainbat argazkilarirekin hitz egin ondoren, askoren laguntza izan dut eta gainera boluntario bezala. Uste dut kalitatezko aldizkari digital bat lortu dugula eta Hondarribiak daukan ondare aberatsari ekarpen on bat egin diogula”.
HondarribiArt aldizkariko lehen zenbakian ageri den argazkietako bat
Izenak dioen bezala,
HondarribiArt-ek argazkilaritza “arte gisa” sustatu nahi du, “benetako argazkilaritza”. Hau da, ez
selfie-rik, ez sakeleko telefonoarekin egindakorik, ez pentsatu gabeko irudirik, horrelakoek ez dute lekurik izango aldizkari digital berrian. “Denbora behar duten argazkiak dira, prestakuntza bat behar dutenak. Asmoa argazkia eta argazkilariari balio gehiago ematea da, egun dauden gailuekin edonon kamerak ikus daitezkeelako”.
Ikusi lehen zenbakia
Arduradunaren hitzetan, argazkilariekin harremana egitea izan da proiektuaren alde politena, “euren disposizioa lortu”. Kontatu duenez, oso erraza da argazkilari amateurrak lortzea, baina oso zaila profesionalekin gauza bera egitea. Hori lortu izana asko baloratu du Garciak, eta Serrano zinegotziak ere eskerrak eman die “proiektuan parte hartu duten argazkilari guztiei. Garrantzitsua da esatea boluntario moduan egin dutela kalitate handiko lan bat burutzeko”.
HondarribiArt aldizkariaren bigarren zenbakia dagoeneko buruan du Vladi Garciak. Hala ere, ez dago itxia, are gehiago, parte hartu nahi dutenei deia luzatu die editoreak: “Gaur bertan
Facebook orrialdea ireki dugu non edonork argazkiak igo ditzakeen, beti ere Hondarribiarekin lotuta. Gero, guk aztertu eta datorren aldizkarirako aukeraketa bat egingo dugu”.