Altzakoak taldeak irabazi du nesken areto futboleko torneoa, Popurri taldea penaltietan garaituz.
Altzakoak taldeko kideak I. Tximist Memoriala penaltietan irabazi eta gero
Altzakoak taldeak irabazi du ostiraletik igandera Hondartza kiroldegian jokatu den I. Tximist Memoriala Hondarribiko Hiria Futsal Txapelketa. Donostiako taldeak finalean Popurri taldeari —nafarrez eta errioxarrez osatua— gailendu zitzaion, penaltietan, araututako denbora hirunako berdinketarekin bukatu eta gero.
Maila handiko finala izan zen, bi taldeek erakutsi baitzuten zergatik iritsi ziren azken partidaraino. Baita emozio handikoa ere, azken bost minutuak itzelak izan baitziren. Atsedenaldira 2-0ko abantailarekin iritsi ziren donostiarrak eta partida amaitzeko hamar minutu falta zirela hirugarrena sartu zuten.
Txapelketa erabakita zegoela zirudien, baina Popurrikoak atezain-jokalaria erabiltzen hasi ziren, eta bost minututan markagailua berdintzea lortu zuten.
Hala, penaltietan erabaki zen torneoa, eta Altzakoak taldea izan zen txapelduna (3-2), Popurrikoen hiru penaltietako batek zutoina jo eta gero. Altzara joan dira, hortaz, irabazlearentzako 1.000 euroko saria eta nesken areto futboleko lehen txapeldunaren oroigarria. Bigarrenaren saria ere ez zen makala, 500 euro eta oroigarria. Hirugarren tokian Errioxako Con X de Mixto taldea geratu zen.
Hamazazpi taldek parte hartu dute nesken areto futboleko I. Tximist Memorialean, batzuk urrutitik Hondarribira etorritakoak. Horietako bat Madrilgo Sokorrito taldea izan zen, kiroltasunaren saria irabazi zuena. Sari banaketan, Aintzane Encinas Realeko jokalari eta Gaben elkarte antolatzaileko presidenteak, “txapelketa hunkigarrian parte hartzeko esfortzua” eskertu zien talde, jokalari eta babesleei.
Lehen aldiz nesken areto futboleko txapelketa bat jaso du Hondartza kiroldegiak, eta langa oso goian jarri dute. Txapelketa handia izan da, 37 partida guztira, eta maila handiko jokalari eta taldeak ikusteko aukera. Horrela omendu dute Gabenek eta Realeko neskek (besteak beste), Juan Carlos Samaniego
Tximist. Ba al zegoen modu hobeagorik?
I. Tximist Memorialeko lehen hiru taldeak, antolatzaileekin