Oiartzunek Nekane Quiñones hondarribiarra fitxatu du. Bere ahizpa Mariasun Realeko atezaina da eta ibilbidean lehen aldiz, elkarren aurka ariko dira.
Nekane Quiñones, Oiartzun KE taldeko elastikoarekin
Nekane Quiñones futbol jokalari hondarribiarrak Espainiako Ohorezko Mailan jokatuko du datorren urtean, Oiartzun KE taldearekin. Hogei urteko aurrelari gazteak maila gorenera egin du jauzi, sei denboraldiz Irungo Mariño taldeko koloreak jantzi eta gero. Joan den astean jakinarazi zuen Quiñonesek bere twitter kontuaren bitartez Mariño utziko zuela, eta gaur jakinarazi du Oiartzunek, hondarribiarrak haiekin jokatuko duela.
Nekane Quiñones, Realeko atezain Mariasunen ahizpa bikia da, eta kirol ibilbidean lehen aldiz elkarren kontra arituko dira. Hondarribia Futbol Elkartean hasi ziren futbolean, kadete mailan, baina hasi eta gutxira Irungo Mariñora pasatu ziren biak —Hondarribian oraindik ez zeuden nesken taldeak maila guztietan—, hamalau urterekin. Lau urtez aritu ziren bi ahizpak elkarrekin Mariñon eta bitarte horretan entrenatzaile bezala ere elkarrekin aritu izan dira ahizpa bikiak, Hondarribia FEko Haur Mailako nesken bi taldeetako prestatzaile gisa. Eta judoan ere elkarrekin, eta maila ona emanez, Ama Guadalupekoa taldean —Nekane Espainiako txapelduna kadeteetan, -70 kiloetan, eta ahizpa zazpigarren—.
Elkarrekin, duela bi urte Realak Mariasun fitxatu zuen arte. Azken bi urtetan, hortaz, talde desberdinetan jokatu izan dute Quiñonestarrak, baina ez dira elkarren aurka aritu, Reala Ohorezko Mailan dagoelako, eta Mariño koska bat beherago —duela bi urte igo zen Lehen Mailara—.
Ahizpa, Realean
Duela bi urte fitxatu zuen Mariasunek Realarekin, 2014ko uztailean, eta denbora gutxian
zuri-urdinen lehen atezaina bilakatu zen. Oraindik oso gaztea izan arren, proiekzio handiko jokalaria dela dirudi. Gabonetan Euskadiko selekzio absolutuarekin egin zuen debuta eta maiatza bukaeran 20 urtez azpikoen Espainiako taldearekin aritu zen entrenatzen, azaroko bigarren astean Papua Ginea Berrian hasiko den Munduko Txapelketara begira.
Heldu den urtean hirugarren denboraldia izango du Mariasun Quiñonesek Ohorezko Mailan, eta lehenengoa bere ahizpa Nekanek. Lehen aldiz aurkari izango dira. Nekane aurrelaria eta Mariasun atezaina direla kontuan izanik, aurrerantzean morborik ez zaie faltako Ohorezko Mailako derbi gipuzkoarrei. Dagoeneko hasiko ziren bikiak egun horrekin amets egiten.