Trafikoa eta aparkatzea udalaren esku egongo da Ramon Iribarren pasealekutik Kai Berriraino, Hondartza, Benta Zaharra eta Beteranoen Dartsenan.
Hondartzako aparkalekua, udalak kudeatuko duen eremuetako bat
Hondartza eta kai inguruko aparkalekuen kudeaketaz arduratuko da udala datozen bost urteetan, Eusko Jaurlaritzarekin adostuta. Joan den asteko plenoan onartu zuten, EAJ, Abotsanitz, PSE-EE eta PP alderdien aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin. Erabakiak honako eremuetan izango du eragina: Ramon Iribarren pasealekutik Kai Berriraino, Hondartza, Benta Zaharra eta Beteranoen Dartsena.
Txomin Sagarzazu alkatea pozik azaldu zen gaiaren inguruan akordio zabala lortu zelako, eta emakida bost urterako izango dela, baina beste horrenbestez luzatu daitekeela adierazi zuen: “Oso berri ona da hiriarentzat. Bost urtetako emakida da, beste bostetan luzatu daitekeena. Hondarribiko aparkaleku denak kudeatzeko aukera ematen digu, baita trafikoa ere. Koordinaziorako eta eskaintzen diren zerbitzuetarako oso garrantzitsua da”. Alkateak erantzi zuenez, urteroko saldoa positiboa balitz, leku horietan inbertitzeko aukera izango litzateke: “Urtero memoria ekonomiko bat egin beharko dugu eta Eusko Jaurlaritzarekin partekatu. Diru saldoa positiboa izango balitz, nahitaez aipatutako inguruetan inbertsioak egiteko erabiliko lirateke”.
Abotsanitzen ustez, emakida berri ona da, baina trafikoaren eta aparkatzearen gaia ondo landu behar dela deritzo. Ortzi Alonsok Mugikortasun Mahaia biltzeko eskatu zuen: “Gai hau Mugikortasun Mahai batean landu beharko genuke, baita hiri erditik at dauden aparkalekuen egoera ere. Gu prest gaude”.
Iosu Alvarez sozialistak, “saldoa positiboa bada”, hiritarren onurarako neurriak hartzea proposatu zuen, “adibidez, hondartzako txartelaren prezio jaitsi”.
EH Bildu izan zen aldeko botoa eman ez zuen alderdi bakarra, abstenitu egin zen. Lore Erriondo ordezkariak autokarabanen gaia erabiltzaileekin eztabaidatzeko eskatu zuen: erabiltzaile elkarteei entzun beharko genieke eta elkarrekin lanketa egin”. Izan ere, autokarabanen gaia aipatzen du emakidak, 13. puntuan. Hain zuzen ere, autokarabanek aparkatu ahal izango dutela zehazten da, baina gaua egin gabe.