Parisko taldearekin Champions League txapelketa irabazten saiatuko da Unai Emery hondarribiarra.
Unai Emery, PSG taldearekin akordioa sinatzen
Unai Emery hondarribiarrak Parisko PSG futbol taldea entrenatuko du hurrengo urteetan. Atzo sinatu zuten akordioa eta, horren arabera, 2018ra arte sinatu du Emeryk. Badira aste batzuk komunikabideek aukera lehen aldiz hori aipatu zutela, baina atzora arte ez zen adostasunik lortu.
Emeryk kontratua zuen Sevillarekin eta Parisko taldeak hondarribiarra libre uzteko negoziatu behar izan du. Kontuan izan behar da historian lorpen handienak Emeryrekin lortu dituztela sevillarrek, eta zaleek asko maite dutela hondarribiarra.
Gainera, orain arteko entrenatzailearekin, Laurent Blanc frantziarrarekin ere adostatuna bilatu behar izan du Paris Saint-Germainek, harek ere lotura zuelako taldearekin. L’Equipe kirol egunkariaren arabera, Nasser Al-Khelaïfi qatartarrak 22 milioi euro ordaindu dizkio Blanci kontratua amaitu aurretik taldea utzi dezan.
Emeryk penatuta utzi du talde zuria, baina aukera handi baten aurrean dago, aurrekontu handiko taldea baita Pariskoa; aurten Champions League txapelketako final laurdenak jokatu ditu, baina txapelketa hori irabaztea da Parisko taldearen helburu nagusia. “Sevilla taldeari eskerrak eman nahi dizkiot, hiru urte eta erdiz partekatu dugun bide ederragatik”, esan du Emeryk
bere Twitter kontuan, eta heldu den urtean PSG entrenatzea “ohorea” izango dela gaineratu du.