Katsikaseko haurrek gose greba hasi dute
'Azkarragoak izan zaitezte, zuen laguntza behar dugu!' idatzi dute ingelesez karteletan.
Albisteak oilo ipurdia sortzen du. Katsikaseko haurrek gose greba hasi dute gaur, Europak kasu egiten ez diela salatzeko. Sei eta bederatzi urte bitarteko hogeitik gora haur dira protestaldia hasi dutenak, arraza eta erlijio desberdinetakoak. Eguerdiko ordubietan gertatu da, eguzkiak gehien jotzen zuen unean, eta ezustean harrapatu dituzte eremua zaintzen duten poliziak, gurasoak eta boluntarioak. Bertan lanean ari den Jose Nuñez boluntarioak bere Facebook orrian kontatu duenez, ingelesez idatziriko kartel batzuk prestatu eta errepidera irten dute haurrek, eta bertan eseri dira. ‘Azkarragoak izan zaitezte, lagundu gaitzazue ja!’ zioten kartelek. Poliziak saiatu dira haiek geldiarazten, baina ez dute lortu. Zazpi urteko Lana neskatila da (argazkian marradun elastikoarekin), Nuñezen arabera, taldeko buruetako bat. “Alemaniara joan nahi dut, edo Siriara itzuli, baina ez dut hemen jarraitu nahi. Nire aita ikusi nahi dut”, esan du protestaldiaren hasieran. Boluntarioak gaineratu duenez, eseri den tokitik ez mugitzeko asmoa adierazi du umeak, “norbaitek zerbait egin arte, ez dut ezer jango, eta ez naute hemendik mugituko”. Pentsatzekoa da gose grebak ez duela asko iraungo, baina gertatutakoak argi adierazten du noraino iristen den Katsikasen bizi diren haurren etsipena. Barrutik puskatuta daude, eta nahiago dute gerrara itzuli, harrizko infernuan geratu baino. Erreportajea: