Hamazazpi taldek parte hartuko dute asteburuan I. Tximist Memoriala nesken areto futbol torneoan.
I. Tximist Memoriala txapelketaren aurkezpena
Kirol jarduera handi bat jasoko du Hondartza kiroldegiak ostiraletik igandera arte. Handia eta ezohikoa era berean, lehen aldia izango baita herrian nesken areto futbol txapelketa bat egiten dela. Juan Carlos Samaniego
Tximist zenaren omenez antolatu dute eta hamazazpi taldek hartuko dute parte, horien artean Hondarribiko bat (Blitz), eta Oiartzungo beste bat (Koxka).
Joan den ostiralean aurkeztu zuten I. Tximist Memoriala Hondarribiko Hiria Futsal Txapelketa. Udaletxeko areto nagusian egin zuten aurkezpena, eta bertan izan ziren Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzia, Nekane Soria Errealeko Administrazio Kontseiluko kidea, eta Realeko bi jokalari, Mariasun Quiñones atezain hondarribiarra eta Aintzane Encinas, Gaben kirol taldeko presidentea ere dena.
Silanesek gogorarazi zuenez, Hondarribian “oso maitatua zen
Tximist“, eta antolatzaileei eskerrak eman zien bere omeneko txapelketa bertan egitea erabaki izanagatik. Urte askotan Realeko harrobiarekin lan egindakoa zen Samaniego, zortzi urtez nesken taldearekin, baina Hondartza kiroldegian egiten zuen lana, eta besteak beste, arraun elkarteari laguntzen ibili izandakoa da.
Gaben kirol taldeak antolatu du torneoa eta bere presidenteak aurreratu zuenez, Samaniegoren senitartekoak txapelketara hurbilduko dira: “‘Pozik gaude oso partehartze handia izango dugulako,
Tximist behar moduan gogoratuko dugulako eta bere senitartekoak gurekin izango ditugulako’. Encinasek onartu zuenez, prestatzailearen heriotzaren aurretik ari ziren torneoa antolatzen, are gehiago,
Tximist bera ari zen antolakuntzan laguntzen. Hori horrela, bere heriotzaren ondoren, omenaldi gisa aurrera jarraitzea erabaki zuten, eta txapelketari haren izena jartzea.
Merezi zuen Juan Carlos Samaniegok horrelako omenaldi bat. Asteburuan I. Tximist Memoriala Hondarribiko Hiria Futsal Txapelketa egingo dute Hondartza kiroldegian, eta jarraipena beharko luke datozen urteetan. Ea hurrengo ekitalditik aurrera euskaraz ere antolatzen duten.
Taldeak
- Blitz (Hondarribia)
- Koxka (Oiartzun)
- Oh, Les Go! (Donostia)
- Centro Veek (Donostia)
- Altzakoak (Donostia)
- Little Warriors (Tolosa)
- Ekipo de Mozkorras (Tolosa)
- Izal (Idiazabal)
- Amets (Nafarroa)
- Nottingham Miedo (Iruñea)
- Patxanga (Gasteiz)
- Nova Sideral (Gasteiz)
- Real Eskuerzo Balompie (Gasteiz)
- Water de Munich (Gasteiz)
- Con X de Mixto (Errioxa)
- Popurri (Nafarroa-Logroño)
- Sokorrito (Madrid)
Ikusi
ordutegiak (gaztelaniaz daude)