Harro sentitzeko eguna dute gaur gay, lesbiana, transexual eta bisexualek. Euren eguna da. Harrotasunaren eguna, esateko norberak nahi duen bezala sentitzeko, maitatzeko eskubidea duela.
LGTB bandera.
Gaur, Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Berdintasunaren, diskriminazioarekin bukatzearen, sexu askatasun eta pluraltasunaren eguna. Horren harira, Oarso Bidasoko udaletxeetako balkoi gehienetan ortzadarraren bandera jarriko dute, aldarrikatzeko denek dugula eskubidea nahi duguna, nahi dugun bezala maitatzeko. Eta hori horrela dela harro esan eta nahi den bezala adierazteko.
Gay, lesbiana, transexual eta bisexualek hamarkadetako borroka daramate euren bizimodua, sentitzeko era errespetatua izan dadin borrokan. Gaurkoa bezalako egunek euren eskaerak aintzat hartzeko, entzunagoak izateko behintzat balio dute. Baina horrelakoetan gertatzen den legez, urte osoko, eguneroko zeregina da ziurtatzea, bermatzea, denek aske bizitzeko eskubidea dutela.