LGTB harrotasun eguna dela eta, gaur San Juan plazan egingo duten elkarretaratzearekin bat egin du EH Bilduk.
LGTBI Harrotasun Eguna da gaur, eta Irungo EH Bilduk bat egin du egun horren harira egingo duten elkarretaratzearekin. Gaur izango da, 18:30ean, San Juan plazan. EH Bilduk “elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia” aldarrikatu du, “jarrerak aldarazi, eta LGBTI kolektiboarekiko aurreiritziak, fobiak eta gorrotoak desagerraraziko duena”.
Helburu hori lortzeko bidean, ahalduntze politiken beharra ikusi du EH Bilduk. Horiek, batetik, lege eta gizarte aldaketek lagunduta joan behar dutela iritzi dio, eta bestetik, politika instituzionalak sustatuta, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen eskubideak babesteko.
Halaber, politika horiek LGBTI kolektiboaren kontrako jazarpen edota errepresio oro gaitzetsi eta salatzeko jarrera izan behar dutela aipatu du, eta horrelakorik ez errepikatzeko “eskura dituen baliabide guztiak” erabili behar dituela, prebentziorako, detekziorako, asistentziarako eta laguntzarako.
Ildo horretatik aipatu du hilaren 12an, Orlandon (AEB), izan zen hilketa. Bertan, gizon bat tiroka hasi zen LGBT diskoteka batean, eta 50 lagun hil zituen.
Erasoak, gurean ere
Euskal Herrian ere homofobia, lesbofobia eta transfobiaren erasoak egunerokoak direla esan du koalizio abertzaleak, eta kaleko eraso fisiko zein ahozkoak, Euskaltzaindiaren generoaren araberako izenen katalogazioa, familia eredu bakarraren inposizioa, eta liburu eta eduki multimedia sexista aipatu ditu adibide gisa.
Zenbait kasutan, gainera, arrazoi sozioekonomikoengatik eta genero arrazoiengatik baztertze egoera larrian utzi dituzte lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualak, EH Bilduren arabera.
EH Bilduren udal taldeko hiru kideek egin dute agerraldia