Kaleratzeko agindua jaso eta gero, gaur utzi behar zuten Artiako Pio Baroja kaleko etxea Snizana Kripak eta bere familiak. 10 urteko semea du, eta autismoa eta psikomotrizitate arazo larriak ditu.
Gaua ez dute, behintzat, kalean egingo Snizana Kripak eta bere familiak. Etxe kaleratze agindua jaso ondotik, gaur utzi behar zuen Artiako etxea. Gaur, ordea, bilera egin du zerbitzu sozialekin, eta gaua pasatzeko tokia hitzartu dute urgentziazko egoeretarako duten pisu batean.
“Lau urte daramatzagu gai honi bueltak ematen, eta gaur lortu dugu. Argi dago presio sozialik gabe ez dela ezer lortzen”, azaldu du Bibi Liras Bidasoko Stop Desahucioseko kideak.
Artiako Pio Baroja 32 zenbakian bizi izan da azken hilabeteetan semea eta amarekin Kripak, baina ezin izan die alokairuko ordainketei aurre egin. Gaur goizean, 09:00etan, zeukan kaleratzeko agindua, eta Bidasoko Stop Desahucioseko kideak alboan izan ditu. Ez da, ordea, polizia judizialik agertu. Edonola ere, etxea hustu du Kripakek, eta furgoneta batean sartzen aritu da tresna guztiak, semea zaintzen ari zen bitartean.
Etxe kaleratzearen larritasunari, Kripaken semearen egoera batu behar zaio. 10 urte ditu; autismoa du, eta psikomotrizitate arazo handiak. Amak gainean duela mugitu behar duela azaldu du Lirasek, eta eguneko 24 orduetan gainean egon behar duela, ezin delako bere burua kontrolatzeko gai. Jateko edo beste edozer gauza egiteko laguntza behar du.
Egoerak baldintzatuta Kripakek ez du soldatapeko lanik egiten, eta diru laguntzak baliatzen ditu familia aurrera ateratzeko. Edonola ere, hilabete bukaerara iristeko arazoak ditu, semearentzako tratamenduak direla eta.
Egokitutako etxebizitza behar du
Orain, behin-behinean etxebizitza bat izango du, kontua, ordea, aurrera begira zer gertatuko den. Bileran eskatu dute Kripakek egokitutako etxebizitza bat bilatzea, eta gero, udalak alokairu sozialeko baldintzak ezartzea. Zentzu horretan, udalarekin berriro bilduko direla jakinarazi du Lirasek.
Izan ere, Kripaken semearentzat ohiko etxebizitza bat ez dela nahikoa azaldu du Stop Desahuciosek, eta egokitutako bat behar duela. Horren alde dago borrokatzen Kripak bera, baina ez du oraindik lortu. Etxebizitza sozialak eskaini dizkiete, “ezin da ezer egin ez dutenik esan”, zehaztu du Pedro Martin Stop Kaleratzeak-eko kideak, baina baldintzak ez direla onargarriak izan Kripakentzat. “Ohiko kasu bat ez da, bestela, etxebizitza onartzeko esango geniolako, baina biktimarekin, semearekin, egotearen alde egitea erabaki dugu”, adierazi du Martinek.
Etxebizitza, gainera, Irunen egotea ere beharrezkoa da familiarentzat, El Pilarrera joaten delako semea, “hezkuntza berezia eskaintzen duelako”, argitu du Lirasek, eta aldaketek ez dutelako bere garapenean laguntzen.
Snizana Kripak Kaleratzeak Stop taldeko kideen babesarekin.