Hondarribia Arraun Elkartearen hiru traineruak aurkeztuko dituzte gaur.
Aurten ere Kai Zaharrean egingo dituzte ekitaldi garrantzitsuenak
Hondarribiko Udaleko Kultura departamentuak eta Hondarribia Arraun Elkarteak San Joan bezperako ekitaldiak antolatu dituzte gaur arratserako Kai Zaharrean. Musika Bandak abiatuko du egitaraua; 20:00etatik aurrera San Joan zortzikoaren doinuez ziprinztinduko dituzte kaleak. Ordurako, ke usaina izango da herrian, auzoz auzo piztuko diren suen ondorioz.
Dozenaka su piztuko dira Hondarribian, baina ekitaldi nagusiak Kai Zaharrean burutuko dituzte. Arraun elkarteak denboraldiko traineruen aurkezpena egingo du 20:15ak aldera. Aurten, azken urteotako hutsunearen ondotik, hiru trainerutako arraunlariak aurkeztuko dituzte, mutilen biak, eta berriro uretaratu den neskena. Jarraian piztuko dute San Joan sua.
Handiena izateaz gain, beste lekuetakoa baino usain gozoagoa izango du Kai Zaharreko sutzarrak, txerri saiheskia eta txahal hanburgesak erreko baitituzte aparkalekuko txosnan. Bitartean, Meakako Adixkideak Dantza Taldearen saioa izango da suaren ondoan.
Eta ez dira faltako hondartzako su txikiak, gaizki egindako azterketak eta ahaztu nahi diren beste idatzi batzuk erretzeko balioko dutenak. Izan ere, sua handia edo txikia izan, denek dute helburu bera, gaizki egindakoak ezabatu eta hurrengo urtean gauzak hobeto egiteko konpromisoa adieraztea.
Iaz haur piloa elkartu zen Butroneko hondartza txikian San Joan sua pizteko