Santiagotarrak elkarteak irakurriko duen pregoiarekin hasiko dira ofizialki jaiak, 21:30ean.
San Pedro eta San Martzial Jaiak hasteko ordu gutxi baino ez dira falta, eta Irunen ia dena prest dago, herritarrak kalera ateratzea da geratzen dena. Santiagotarrak elkarteak irakurriko duen pregoiarekin hasiko dira ofizialki jaiak, eta Olatz Zabala klubeko presidenteak eta Antxon Arellano presidenteordeak izango dute ohore hori.
Zabalak HITZAri jakinarazi dionez, dagoeneko nabaritzen hasiak dira urduritasuna: “Polita izango da pregoiarena, baina udaletxean aurretik izango den ekitaldian, klubetik pasatu diren guztiak elkartuko garenez, oso berezia izango da, haientzat delako, finean, aitortza”. Elkarrizketa osorik biharko zenbakian irakurri ahal izango da, sanmartzialei eskainitako erreportajean.
Jaien hasierak ohiko formatua izango du: San Juan zuhaitza jarri ondoren, 20:45ean, Kemen dantza taldeak aurreskua dantzatuko du suaren inguruan. 21:30ean izango da pregoia, eta 21:45ean piztuko du sua Jose Antonio Santano alkateak.
Gaur izango da Urdanibia plazako kontzertuen lehen saioa, eta Vendeta talde nafarra entzuteko aukera izango da, 00:15ean. Aurretik, Kulto Kultibo etxeko taldea igoko da oholtzara. Beste erritmo batzuk nahiago dituztenek 22:30ean Los Perolas fanfarrea aurkituko dute San Juan plazan, eta 23:30ean, mariatxiak Zabaltza plazan.
Abisuak
Jaiek eragina izango dute trafikoan. San Martzial kalerako sarbidea itxita egongo da guztiz, eta Alde Zaharreko, Urdanibia plazako eta San Martzial kaleetako sarbideak oinezkoentzat soilik egongo dira irekita.
Alde Zaharrera sartzeko Jesus kaletik sartu ahalko dira, eta Arbelaitz kalean bizi direnak Jesus eta Sarjia kaleetaik.
Aparkatzea, berriz, debekatuta egongo da San Martzial kalean, Sarjia eta Prudencia Arbiden.
Artaleku eta Azken Portu kiroldegiak irekita egongo dira astelehenetik asteazkenera, baina goizez, 09:00etatik 14:00etara. Hilaren 30 eta uztailaren 1ean, berriz, itxi egingo dituzte
Bestalde, CBA itxita egongo da hilaren 29 eta 30ean. Uztailaren 1etik aurrera, udako ordutegia izango du: astelehen, asteazken eta ostiraletan 08:00etatik 14:00etara, eta astearte eta ostegunetan 08:00etatik 20:00etara.
Egitaraua osorik
Agenda atalean.
San Juan plazan, Kemeneko dantzariak dantzan, aurreskua bitartean